Aurpegitik kendu ezinezko irribarrea. Horixe du ezpainetan domekan jokatutako partiduko irudiak berriz ere ikustean. Eta ez da gutxiagorako, norgehiagoka horretan Majadahondari 3 eta 6 irabazita, talde donostiarrak Erreginaren Kopa irabazi zuelako lehen aldiz. Duela hilabete eskas talde berari irabazita Liga ere poltsikoratu zuela aintzat hartuta, denboraldi historikoa izan da Txuri-Urdinentzat. Hain denboraldi borobila egin izanaren gakoaz galdetuta, hitz bat aipatzen du Salillasek: konstantzia.
Hemezortzi urterekin bi tituluak lortu izana izugarria dela dio bergararrak, eta Txuri-Urdinen daramatzan bi denboraldietan egin dioten harrerarekin oso eskertuta dagoela gaineratu du. Behin aurtengoa amaituta, hurrengo denboraldian ere bertan jarraituko duen, baina, ikusteko dago.
Linean ere bai
Izotz hockeyan bakarrik ez, lineakoan ere aritzen da Bergarako Burdinola taldearekin. Eta zentzu horretan, partidu garrantzitsua dute asteburuan. Seguru, izotz gainean egindako lorpenek indarra emango diotela Salillasi asteburuko hitzordura begira.