Paper-fabriketako hondakinak tratatzeko Larramendiko planta eraikitzeko beharrezkoak zituen baimenak lortu ostean, planta eraikitzeko prest dagoela azaldu du Valogreene Paper BC enpresak. Jaurlaritzako Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Ingurumen Baimen Bateratua eman zion apiril hasieran, eta horrez gain, proiektuaren "bideragarritasun tekniko-ekonomikoa" probatu duela azaldu du planta kudeatuko duen enpresak.
Bergarako Udalak alegazioak aurkeztu zituen, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak joan den astean eman zion erantzuna: "Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudian xedatutakoa betetzen dela ziurtatu du, eta izapidetzearen esparruan, ingurumeneko baimen bateratuaren eskaerarekin batera, proiektua plangintzarekin bateragarria dela egiaztatzen duen hirigintza-txostena aurkeztu da". Ingurumen Sailetik gehitu zuten, gainera, Bergarako Udalaren dekretua baliorik gabe geratu dela: "Bergarako Udalak beranduago onartu zuen dekretua, eta hortaz, gaur egun, prozeduran ez dago jarduerari buruzko txosten urbanistiko negatiborik".
20 milioi euroko inbertsioa
Larramendiko lursailean, datozen hilabeteetan hasiko dituzte planta eraikitzeko lanak, eta Valogreenek azaldu duenez, 18 hilabete inguru iraungo dute. Bertan, proiektua aurrera eramateko, 20 milioi euroko inbertsioa egingo dutela eta 45 lanpostu sortuko dituztela azaldu dute Valogreene proiektua kudeatuko duen Elxeko Greene enpresatik.
"Valogreene Paper proiektuak ahalbideratuko du, urtean, 122.000 tona material zabortegira ez botatzea, eta, urtean, 150.000 tona CO² atmosferara isurtzea ekiditea", azaldu dute Greene enpresatik.