Mendebaldeko Saharako gatazkan Madrilek jarrera "errotik" aldatu izana salatu du Bergarako udalbatzak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko mar. 29a, 17:48

Mendebaldeko Saharako gatazka politikoaren bueltan EH Bilduk eta EAJk adostutako mozioa eta Udaleko ur zerbitzuko langileen guardien aldaketa izan ziren protagonista atzo Bergarako udalbatzan, tramite izaera eta eztabaida gutxi izan zituen osoko bilkuran.

Madrilgo Gobernuaren azken erabaki polemikoenetako bat izan zen protagonista atzo Bergarako udalbatzan, Mendebaldeko Saharako gatazka politikoaren bueltan mozio bat adostu zuten-eta EH Bilduk eta EAJk. Gatazka horren bueltan Espainiako Gobernuak historian “inoiz ez bezala” jarrera “errotik” aldatu izana salatu zuten bi taldeek, eta gaineratu zuten Madrilen jarrera aldaketa honek erabat urratzen dituela Nazioarteko Zuzenbidea, Nazio Batuen Gutunaren printzipio eta balioak eta Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak. 

Alberto Alonso (PSE-EE): "Espainiak jarraitzen du izaten solidarioena fronte polisarioarekin eta herri  sahararrarekin"

Alderdi sozialistak mozioaren kontra bozkatu zuen eta udalbatzaren aurrean botoaren gaineko azalpenik eman ez bazuen ere, GOIENAri bere balorazioa egin zion Alberto Alonsok: "Bergarako alderdi sozialistak Espainiako Gobernuaren jarrera babesten du. Askotan, eta halaxe gertatzen da mozio honetan ere, Nazio Batuen Erakundearen 2021eko erresoluzioa ahaztu egiten zaigu. Erresoluzio horretan Marokoren ahaleginak balioan jartzen ziren eta bi aldeei exijitzen zitzaien gatazkaren konponbideari begira negoziazioari heltzeko. Eta, hain zuzen ere, horixe izan da modu batera edo bestera Gobernuko presidenteak adierazi duena, gatazka hori desblokeatzeko beharra dagoela. Marokoko Gobernua eta Fronte polisarioa dira negoziaziora deituta dauden bi alde legitimoak eta oinarri zehatz baten bueltan berba egiteko eseri egin behar dira [...]. Mozioak ere eskatzen zuen herri sahararrarekin elkartasuna adieraztea. Espainiak jarraitzen du izaten solidarioena fronte polisarioarekin eta herri  sahararrarekin, eman izan zaizkion eta aurrerantzean ere emango zaizkion laguntzen bitartez. Horrez gain, Espainiako Gobernuak zilegitasun osoa aitortzen dio oraindik ere Fronte Polisarioari, negoziatzeke duten ustezko autonomia hori negoziatzeko".

Ur zerbitzua eta aurrekontuaren likidazioa

Bergarara etorrita, tramite izaera eta eztabaida gutxi izan zituen atzoko bilkurak. Ur zerbitzuko langileen guardietan aldaketak onartu ziren, EAJk kontra bozkatu arren.

Bestalde, 2021eko aurrekontuaren likidazioetako batzuk onartu zirela-eta, EAJko Maite Agirrek gogora ekarri zion Udal Gobernuari aurrekontuen negoziazioetan gerakinetatik bideratu beharreko hainbat proiektu hitzartu zituztela eta betetzeke daudela. EH Bilduk erantzun zuen esanez atzo bertan likidatu zela aurrekontua eta beraz lehenago ezin zela gerakin hori proiektu zehatzetara bideratu. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak