San Joxepe abesbatzak 2019ko urrian eskaini zuen azken emanaldia, Seminarixoan, Oñatiko Aloña abesbatzarekin batera. Ohitura bihurtu da erretiratuen koruak Bergarako hainbat auzotan emanaldiak eskaintzea: Labegaraietan, San Antonion, San Martzialen, San Juanen, Elosuan, Angiozarren... Eta herri barruan, Santa Ageda eskean, Santa Zezilia egunean edo Gabonetan ere ohikoak izan dira kantaldiak. Mizpirualde egoitzara ere bisita asko egin dituzte.
Nabarmentzeko moduko "ospe ona"
Eta, abesbatzako zuzendari Ramon Amasorrainen arabera, urtez urte maila altua izatera heldu da San Joxepe abesbatza: "Nabarmentzekoa da probintzia-eremuan duen ospe ona, urtero hainbat herritan, beste zentro batzuetako partaideekin batera egiten diren lehiaketen barruan. Horregatik, nahiko genuke ahal den heinean abesbatzaren bereizgarri den maila mantentzea. Guztiak izango dira ongietorriak, badakigu-eta Bergaran jendea badagoela abestea gustatzen zaiola, baina bereziki tenoreak eta sopranoak behar ditugu".
Pandemia aurretik 45 bat kide zeudela gogoratzen du Amasorrainek, eta dio etenaldiak min handia egin diola koruari: "Etenaldiak gero eta gehiago iraun, orduan eta zailagoa izango da itzulera. Ea deialdi honekin martxan jar gaitezkeen berriro...".