Hilabete osoko egitaraua prest, XVIII. Apirilean Musika zikloa ospatzeko

Jone Olabarria 2022ko mar. 21a, 12:27

Martxoaren 27an hasi eta apirilaren 27ra arte antolatu du Bergarako Musika Eskolak aurtengo Apirilean Musika. Musikarekin gozatzeko eta herritarrei gerturatzeko helburuz 28 ekintza antolatu dituzte: ikastaroak, instrumentu ezberdinen emanaldiak, elkartrukeak, musika kalean....

Dagoeneko 38 urte daramatza Bergarako Musika Eskolak herritarrei hezkuntza musikala gerturatzen, eta eginkizun horretan "ezinbestekoa" izan da Apirilean Musika ekimena. XVIII. aldia izango da aurtengoa, eta musika eta kultura herritarrekin partekatzeko asmotan 28 ekintza antolatu dituzte Udalaren laguntzarekin. Eskolak egun dituen ia 600 ikasleak soilik ez, herritarrak ere protagonista izango direla azaldu du Marije Ugalde zuzendariak, "parte-hartze zuzena" bultzatuz.

Musikarien erakusleihoa

Bergarako Udaleko Kultura teknikaria den Maider Osak halako ekimenak "erakusleiho itzela" direla adierazi du: "Ikasleek plazak behar dituzte, bai motibatzeko, bai lana jende aurrean erakusteko. Ekimen hau plaza oso ona da musikari gazte guztientzat, eta Udalaren eginbeharra da ekimen hau babestea".

Musika erakargarri egiteko asmoz, Bandak eskaintzen dituen emanaldietan musikaren barneko kontuak azaltzen saiatzen direla aitortu du Enrike Txurruka bandako zuzendariak: "Obren atzean dauden istorioak, instrumentuei buruzko azalpenak ematen saiatzen gara. Bereziki gaztetxoenengan jarriz fokua. Aurten 46 ikasle daude eskolan instrumentua aukeratzeko momentuan, eta polita izaten da beraien bandan sartu, instrumentu jakin bat jotzen duenaren ondoan jarri eta nola jotzen duen ikustea, eta gertutik sentitzea zer den instrumentu hori jotzea".

Ikastetxeekin elkarlana

Herriko hiru eskolekin elkarlanean ere proiektua garatuko dutela azaldu du proposamen pedagogikoen arduraduna den Leire Ugartek: "Kontzertu pedagogikoaren baitan, 600 gonbidapen baino gehiago banatu ditugu LH1, 2, 3 eta 4 mailetako herriko eskoletako ikasleen artean. Urtero egin ohi den kontzertua da, baina aurten Etorkizuneko entzuleak izeneko programaren barnean kokatu dute emanaldia. Kezkatuta gaude etorkizuneko entzule horiekin. Ikusten dugu gaztetxoenak gerturatzen direla musikara, baina ez dela zifra oso altua". Horretarako, kontzertuaren aurretik Musika Eskolatik material didaktikoa prestatu eta ikastetxeetan landuko dute haurrekin: "Hala, haurrak beste ikuspegi batekin joango dira kontzertura".

Egitarau osoa

  • Martxoak 27, domeka:
    • Bergarako Bandaren kontzertu didaktikoa. Udal Pilotalekuan, 12:30ean.
  • Apirilak 1, egubakoitza:
    • Musika Eskolako Orkestra Sinfonikoa eta Cello Ensemble. Seminarixoan, 18:30ean.
    • Dantza gidatua. Seminarixoko karpan, 19:30ean.
  • Apirilak 2, zapatua:
    • Arrasate Musikaleko eta Donostiako Eskudero Ganbara abesbatzeko taldea. Seminarixoan, 11:30ean.
    • Puciniren Madame Buterfly operaren proiekzioa. Seminarixoan, 17:30ean.
  • Apirilak 3, domeka:
    • Ahotsen soinua. Seminarixoan, 17:30ean eta 18:30ean. Hasiberrien abesbatza, pianoa eta perkusioa.
  • Apirilak 4, astelehena:
    • Koloretako Munstroa- entseiu berezia. Musika Eskolan, 17:30ean.
    • Piano ikasleen emanaldia. Seminarixoan, 18:30ean.
    • Helduen kontzertua eta Helduen talde instrumentala. Seminarixoan, 19:30ean.
    • Debagoieneko musika eskolen kontzertua. Eskoriatzan, 19:00etan.
    • Bulego taldearekin solasaldia. Musika Eskolan, 19:30ean.
  • Apirilak 5, martitzena:
    • Entzun eta asmatu! Musika Eskolan, 16:45ean eta 14:00etan.
    • Piano, gitarra eta dantza ikasleen kontzertua. Seminarixoan, 18:30ean.
    • Peñaparda ikastaroa. Pandero ikasleei zuzenduta. Musika Eskolan, 18:00etan.
    • Flauta hobeto ezagutuz saioa. Musika Eskolan, 17:00etan eta 18:00etan.
    • Biolontxeloarekin jolastu. Musika Eskolan, 18:00etan.
  • Apirilak 6, eguaztena
    • Musika elkarrekin, piano eta gitarra ikasleak. Antzuolan, 15:00etatik 16:30era.
    • Dantza Perkusio eta Trikitixa ikasleen emanaldia. Seminarixoan, 18:30ean.
    • Entzun eta asmatu! Antzuolan, 18:00etan.
    • Klarinete eta Saxofoi ikasleen emanaldia. Mariaren Lagundiko elizan, 19:00etan.
  • Apirilak 7, eguena
    • Musika kalera! San Martin Plazan eta Fraiskozuri plazan, 18:00etan.
    • Martxa kalera-konboak! Seminarixoko karpan, 19:00etan. 
  • Apirilak 8, egubakoitza
    • Garazi tronpa ezagutzen. Ikastetxeendako kontzertu pedagogikoa. Seminarixoan, 09:30etik 12:30era.
    • Entzun eta asmatu! Musika Eskolan, 14:00etan eta 17:45ean.
    • Kantu ikasleen emanaldia. Seminarixoan, 18:30ean.
      Biolin, biola eta tropa ikasleen emanaldia, Mariaren Lagundiko elizan, 18:30ean.
  • Apirilak 9, zapatua
    • Erramu zapatua. Bergarako Musika Eskolako dantzariak,eta  trikiti eta perkusio ikasleak. Kaleetan zehar, 12:00etan.
  • Apirilak 27, eguaztena
    • Ezagutu instrumentuak. Gurasoentzat. Musika Eskolan, 19:00etatik 19:30era.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak