"Oso eskertuta eta emozio handiarekin" jaso dute Monzon-Ganuza saria Mari Karmen Ayastuyk eta Jose Luis Elkorok

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko mar. 11a, 13:08

Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak antolatutako Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria banatu zen atzo Bergarako Seminarixoan egindako ekitaldian. Mari Karmen Ayastuyk eta Jose Luis Elkorok jaso zuten saria, "oso eskertuta eta emozio handiarekin". Sorpresarako tarterik ere izan zen, amaieran bilobek lore sorta bana eman zieten-eta.

Olasotar Telesforo Monzonen eta bere bizitza osoan bidaide izan zuen Josefa Ganuzaren izena daraman saria da, Euskal Herriari, euskal kulturari eta bere hizkuntzari, euskarari, bizi osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzea duena helburu.

Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk saria "oso eskertuta eta emozio handiarekin" jaso zuten. 

"Balio eta egiteko modu batzuk"

Hain zuzen ere, Elkororen eta Ayastuyren egiteko modu horretan jarri zuen indarra Bergarako alkate Gorka Artolak. Elkorok Bergara mapan kokatu zuela esan zuen Artolak, besteak beste, eta Ayastuyrendako ere izan zituen hitz politika. "Mapan kokatu zuen Bergara hori pertsona askoren ideiekin, ekarpenekin, lan boluntarioarekin ondu zen. Lan horretan aritu zen, eta dabil Mari Karmen, ikastolaren sorreran bezala, musika bultzatzen, presoen senideak laguntzen... Egindakoaz gain, gaur azpimarratu nahiko nuke, Mari Karmenen izateko moduak, egiteko estiloak definitzen duela ondoen Bergara. Ekina, hurbila, hitzezkoa, diskretua, leiala… ez dira edonolako balioak bizi garen sasoiotarako. Balio eta egiteko modu pertsonal batzuekin ordezkatuta sentitu gara. Zaintza, arreta, elkartasuna, afektua. Ez dira balio hutsalak herri eta udal batentzat ere".

Ayastuyren eta Elkororen "biengrafiak" errepasatuta, herri honen ertz ezberdinak ukitzen direla ere nabarmendu zuen Artolak, esaterako, boluntariotza, herrigintza, ekintzailetza ekonomikoa, hau euskaratzeko ahalegina, errepresioa eta kartzela, elkartasuna...

Zaintza lanaren garrantzia

Olaso Dorrea Fundazioaren lehendakari Iratxe Esnaolak Ayastuyren arlo pribatuko lana azpimarratu zuen, besteak beste: "Bizitza sostengatzeko oinarriko lanak baitira zaintzak. Zaintza-kateek eusten dute gure jendartea, nahiz eta aitortu nahi ez den. Eta zaintza lanen ezinbestekotasuna aitortu eta lan horiek duintzea oinarrizkoa behar bat da".

Laida Lertxundi artista eta irakasle bilbotarrak egindako Landscape Plus pieza jaso zuten opari Elkorok eta Ayastuyk. Zorroztasun kontzeptuala plazer sentsualarekin konbinatuz, Lertxundiren lanak arte kontzeptualaren eta zinema estrukturalaren ideiak eta gorputzetik lan egiteko ikuspegi feminista erradikala batzen ditu.

Elkoro eta Ayastuy, atzo, euren bilobekin. Argazkia: Bergarako Udala.

Senitartekoak eta lagun ugari izan zituzten alboan Elkorok eta Ayastuyk. Baita instituzioetako, sindikatuetako, hezkuntzako, kulturako, kiroleko, euskalgintzako eta beste arloetako ordezkariak ere, Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritakoak.

Bergarako Musika Eskolako musikariak eta dantzaria

Bergarako Musika Eskolako Alazne Suinaga, Miren Elorza eta Beñat Askargorta biolin joleek, Uxue Garitano biolontxelo joleak, eta Eneko Galdos dantzariak ere parte hartu zuten ekitaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak