2030erako plan estrategikoa onartu du udalbatzak, akordio politikorik gabe

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko mar. 1a, 16:06

2030erako bidea markatuko duen Bergara 2030 egin herrixa plan estrategikoa onartu du udalbatzak; EH Bilduren aldeko botoekin, EAJren kontrakoekin eta alderdi sozialistaren abstentzioarekin onartu zen. Bestalde, askotariko mozioak eta adierazpen instituzionalak ere onartu ziren atzoko bilkuran, tartean Martxoaren 8koa, eta Ukrainako gerra ere izan zen berbagai.

Bergara 2030 egin herrixa plana onartu zuen udalbatzak atzoko bilkuran. Agenda 2030ek ezarritako helburuak hartu ditu Udal Gobernuak oinarri moduan plan estrategikorako, garapen jasangarrirako helburuak, hain zuzen ere. Helburu horien artean daude, besteak beste, pobrezia, klima larrialdia, genero berdintasuna, hizkuntza eta kultura aniztasuna, eta industriaren garapena. EH Bilduren aldeko botoekin, EAJren kontrakoekin eta alderdi sozialistaren abstentzioarekin onartu zen. 

Agorrosin berrirako tramitea, aho batez

Bestalde, Agorrosingo futbol zelaiko lanak egin ahal izateko BKEren maileguaren eta bi finken dohaintza arautzen dituen hitzarmena aho batez onartu zuen udalbatzak, eta belar naturala kendu eta artifiziala jartzeko lehen faseko lanak udan zehar gauzatzea dago aurreikusita. 

Digitala ez den arreta pertsonalizatuari begira lanean

Atzoko bilkuran aho batez onartu ziren, era berean, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 46. urteurrenaren testuinguruan haren aldeko adierazpen instituzionala, Martxoaren 8a dela-eta udal taldeek aurkeztutako EUDELen adierazpen instituzionala, eta kontsumitzaile zaurgarriei arreta pertsonalizatua ematearen inguruan hiru taldeek aurkeztutako mozioa. Azken hori alderdi sozialistaren ekimenez landu dute.

Ukrainako gerraren presentzia, galdera eta eskaeretan

Azkenik, galdera eta eskaeretan Alonsok berak mahaigaineratuta, Ukrainak bizi duen egoera ere izan zuten hizpide. Hurrengo batzordean gaia landuko dutela adostuta, hiru taldeek salatu zuten Ukrainako gerra. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak