Ondare ikuspegitik "balio izugarrizko" organoa da San Pedro elizakoa. Eugeene eta Edouard Stoltz organo-egileek elizan bertan eraiki zuten organoa eta 1889ko martxoaren 18an inauguratu zen. Ordutik ez du ia moldaketarik jasan, eta hori dela eta, XIX. mendetik mantentzen den organorik "birjinetakoa" dela azaldu du San Pedro Elizako organo-jole titularra den Aitor Oleak: "Eugeene eta Edouard Stoltz anaiek egindako organorik handiena da, baita jatorrizko egoeratik gertuen dagoena".
Organoari egingo zaizkion moldaketei dagokienez, "zuzenketak" izango direla azaldu du Oleak: "Ez zaio ezer kenduko edo gehituko. Helburua organoa ahalik eta jatorrizko egoeratik gertuen lagatzea da, eraberritu ostean ere. Era artisau batean egingo dira lanak, XIX. mendeko esentzia mantenduta".
2.343 tutu, banan-banan garbituak
Gogorarazi dute 2.343 tutu dituela organoak, eta horiek banan-banan garbituko direla; mekanika guztia askatuko da, zuzendu eta ostean birgaitzeko. Hain zuzen, hori da lanak 30 hilabetez luzatzearen arrazoi nagusia, "era tradizionalean egiteak denbora gehiago behar duelako". Organoa bueltatzean ere, San Pedro elizan bertan, lanean jarraituko dute: "Organo honek 36 tutu joko ditu eta horietatik 14 hemen geratuko dira, garbiketa lanak baino ez dituzte behar eta. Gainontzeko 12ak Lyonera joango dira, hauspoarekin, kontsolarekin eta goiko kaxa espresiboarekin batera . Hemen geratuko direnak garbitu egingo dira eta organoaren kaxari tratamendua egingo zaio".
Bergarakoa, Gipuzkoako "altxorra"
Lehenik eta behin tutu guztiak atera behar dituztela azaldu dute Adrien Perre eta Nicolas Clement teknikariek, eta gero mekanika guztiak desmuntatuko dituztela. XIX. mendeko organo frantsesetan adituak dira, eta eraberritze lanetarako "sentsibilitate berezia" dutela azaldu dute: "Euskal Herrian organo ugari eraberritu ditugu, ondare handia duzue hemen eta garrantzitsua da zaintzea. Bergarako organoa maisulana da, guretzat Euskal Herrian dagoen berezienetakoa, eta Gipuzkoako altxorra".
Aurretik ere askotan izan dira Bergaran. Duela hamar urtetatik urtero etortzen dira mantentze lanak egitera, urtean behin gutxienez: "Ondo ezagutzen dugun organoa da, eta hori garrantzitsua da eraberritzerakoan, aurretik duen soinua ezagutzea esaterako".