Debagoienean bizi diren senegaldarren, Dionewarreko biztanleen (Senegal) eta debagoiendarren arteko elkar ezagutza, kulturartekotasuna eta lankidetza sustatzea helburu duten ekintzak antolatzen dihardute Elkarbizitza eta Elkartasun programaren baitan. Eta hain zuzen ere azaroaren 4an lau gazte etorri ziren Senegaldik Debagoienera bisitan.
Orain debagoiendarrak joango dira hara, eta domekan, otsailaren 13an talde horrek lehen bilera egin zuen. Bidaiaren aurreko prestaketa lanetan helburua zein den argi utzi gura diete: "Urteetan zehar ONGD desberdinek landutako paternalismoan oinarritutako praktiketatik aldentzen da programa hau. Hain zuzen ere, bi komunitateen arteko hartu-emanak emateko ekintzak diseinatu dira elkar ezagutza eta elkarlana handitzeko", adierazi dute Ndank Ndank elkartetik.
Horrez gain, Dionewarreko, eta orokorrean, Senegalgo testuingurua ezagutzeko solasaldiak ere egingo dituzte, "egokitzapena egokia izan dadin".
Muralista bi taldean
Apirilaren 10ean joango dira Senegalera eta bi aste pasatuko dituzte Dionewarren: "Era desberdinetako ekintzak aurrera eramateko asmoz goaz kulturartekotasuna sustatzeko: kirola, jolasak, zineforuma, gastronomia, lankidetza… "
Talde horretan Bergarako bi muralista ere joango dira: Mikel Larrañaga Remak eta Jokin Oregi Sortwo. "Horien proiektua Elkarbizitza eta Elkartasun programan baitan kokatu dugu, bergararrak ere proiektuan inplikatzeko. Proiektu horrek artearen bidez bi herrien arteko anaitasuna indartzea du helburu", azaldu dute Ndank Ndank-eko kideek.
Taldea elkarlanerako "gogotsu" dagoela gaineratu dute, eta elkarteak "ilusioz" hartu duela bigarrenez egingo den programa: "2019koan bezala bergararrek Dionewarreko herritarrekin batera esperientzia aberatsa bizitzea espero dugu".