Monzon-Ganuza saria Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuy-k jasoko dute aurten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko ots. 7a, 17:30

Gaur aurkeztu dute Monzon-Ganuza sariketaren bigarren edizioa, Olaso dorrean, eta agerraldian jakinarazi dutenez aurten saria herrian geratuko da: Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuy-k jasoko dute. Martxoaren 10ean egingo da sari banaketa ekitaldia, Seminarixoan, eta bigarren edizioko saria nork egingo duen otsailaren 28an jakinaraziko dute. Sariketaren lehen edizioko saria Seaskako lehen irakasle Libe Goñik jaso zuen.

Sariketaren helburua da Telesforo Monzon eta Josefa Ganuzaren balioak ordezkatuko dituen obra artistiko bat sortzea. Saria euskal artista berriak sustatzeko ere erabiliko da eta urtero artista berri bati eskainiko zaio: "Horrela saria bera euskal artista berrien sustapenerako eta euskal kulturgintza hauspotzeko ekimen bihurtuko delarik. Modu horretan belaunaldien arteko zubi lana eraiki nahi dugu". 

Jose Luis Elkoro eta Mari Karmen Ayastuy

Olaso Dorrea Fundazioko presidente Iratxe Esnaolak bi sarituek Euskal Herriaren alde egindako borroka azpimarratu du gaurko agerraldian: "Euskal Herriaren alde bizitza betea eman dute. Euskara min eta lehentasun, gure iraganarentzat etorkizun bat eraikitzeko lanean aritu dira beti. Baldintza latzetan batzuetan, egoera zailetan gehienetan, frankismoan bezala ondoren ere. Eta hor egon dira biak: aberriaren alde hartu zuten konpromisoari leial. Elkarrekin amesten, ametsari elkarrekin bultzatzen".

Beste hainbat arrazoi ere eman ditu Esnaolak saria Elkoro eta Ayastuy-ri eman izana arrazoitzeko, tartean Ayastuy-ren espazio pribatuko lana ere balioan jarrita: "Jose Luisen jardunaz luze mintza gaitezke, luzea eta oparoa izan baita espazio publikoan egin duen ibilbidea. Eta Mari Karmenek, ibilbide horri bide eman zion, ondoan eta albotik babestu zuen, askotan kide gisa lanean aritu zen eta, noski, espazio pribatua deitzen zaionaren ardura ia osoa eraman zuen. Eta espazio pribatu hori eta hor egiten den lana ere balioan jarri behar da, prestigiatu, hori gabe ezin delako bizitza sostengatu".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak