Langile bat hil zen egubakoitz gauean Bergarako Fagor Ederlan lantokian

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko abe. 5a, 13:40

LAB sindikatuak salatu du lan istripu "ez traumatikoan" hil zela 44 urteko markinarra. Eta elkarretaratzea deitu du abenduaren 7rako, martitzena, Bergarako udaletxe aurrean (18:00) Lanpostuetan heriotza gehiagorik ez! leloarekin.

Egubakoitzetik zapatura bitarteko gauean hil zen 44 urteko Markinako langilea Bergarako Fagor Ederlanen lanean ari zen bitartean. 22:00etan, gaueko txanda hasi eta berehala.

"Lan istripu ez traumatikoa" izan dela salatu du LAB sindikatuak, eta 2021ean dagoeneko 15 langilek galdu dutela bizia modu horretan –guztira 59 langilek galdu dute bizia euren lanpostuetan Hego Euskal Herrian 2021ean–. Langilea LABeko afiliatua zen: "Ezer baino lehen, LAB sindikatutik gure doluminik zintzoenak helarazi nahi genizkieke B.O.M. langilearen lankide, lagun eta senitartekoei".

Txandakako sistema

Beharginaren heriotza ezin dela halabeharrari egotzi nabarmendu du LABek: "Oso irakurketa sinplista izango litzateke hori. Behin baino gehiagotan salatu izan dugu txanda sistemak eta bereziki gaueko lanak osasunean eragiten duen kalte fisiko eta psikologikoa".

Fagor Ederlanek baieztatu egin du gertakaria

Fagor Ederlanek, bere aldetik, heriotza baieztatu du: "Zoritxarrez, egiaztatu dezakegu, egubakoitzean, 22:00etan, arrazoi naturalengatik, bazkide afiliatu bat hil zela planta produktiboan". Gehitu du: "Ezbeharrera gehitzea besterik ez zaigu geratzen, eta lagun eta familiei dolumina adieraztea".

Fagor Ederlanek Bergaran duen mekanizatuko plantan gertatu zen ezbeharra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak