Emozioz beteriko finalerdiak jokatu zituzten atzo Bergarako Udal pilotalekuan. Promesa mailan Miriam Arraiza eta Leire Galeanok 22-19 irabazi zieten Irati Zabalari eta Uxue Oses-i. Hala, debagoiendarren arteko lehia izan zen ikusgai, Galeano antzuolarra delako, eta Oses oñatiarra. Norgehiagoka parekatua eta borrokatua izan zen, bi bikoteek irabazteko aukerak izan zituzten, baina Arraizak eta Galeanok lortu zuten 22ra iristea.
Nagusien mailan ez zen emozio gutxiago egon, azken unean erabaki zirelako finalistak. Garaipena Amaia Aldaik eta Olatz Ruiz de Larramendik lortu zuten Miren Larrarte eta Arrate Bergarari 22-21 irabazita. Aurreratu moduan, emozioz betetako partidua izan zen, eta bereziki partiduko bigarren zatian tanto ederrak egin zituzten bi bikoteek.
Hala, dena dago gertu datorren martitzeneko finaletarako. Gogoan izan lehenengo finalerdietan, promesa mailan Maddi Barrocalek eta Enara Gamindek erraz egin zutela aurrera, eta nagusien mailan Olatz Arrizabalagak eta Nora Mendizabalek egin zutela aurrera.
Finalak datorren martitzenean
Honako bi final jokatuko dira datorren azaroaren 23an Bergarako Udal Pilotalekuan:
Promesa mailan: Miriam Arraiza eta Leire Galeano, Maddi Barrocal eta Enara Gaminderen aurka.
Senior mailan: Amaia Aldai eta Olatz Ruiz de Larramendi, Olatz Arrizabalaga eta Nora Mendizabalen aurka.