Seminarixoan egin da ordu eta erdiko iraupena izan duen batzar irekia. Hasteko eta behin tramitazio epeak, Udalak emandako urratsak eta prozesuaren mugarriak zeintzuk izan diren azaldu dute Gorka Artola alkateak, Letizia Alvarez udal arkitektoak eta udaleko ingurumen teknikari Nerea Egiak.
Azpimarratu dute hasieratik egin zaiola jarraipen zorrotza gaiari, eta halako prozedura administratiboetan zaindu beharreko denborak eta konfidentzialtasuna errespetatuz.
Udal ordezkariek jakinarazi dute sustatzaileak ekainaren 11n eskatu zuela hirigintza-bateragarritasunaren ziurtagiria, eta hainbat kontraste egin ostean eta ikusirik aurkeztutako jarduera industria-erabilerarekin bat zetorrela Udalak uztailaren 23an onartu zuela ziurtagiri hori Alkate Dekretu bidez.
Urriaren erdialdera pizten ziren, ordea, alarma guztiak; izan ere, "Eusko Jaurlaritzara aurkeztutako txostenean beste izendapen bat jasotzen du planta horretan garatzekoa den jarduerak".
Gaia sakontasunez aztertu ostean udal arkitektoak urriaren 25ean aurkezten zuen hirigintza-bateragarritasunaren ziurtagiria baliorik gabe uzteko txostena. Arrazoi nagusia, "hirigintza-bateragarritasunaren ziurtagiriaren eskaeran adierazitako erabilera ez datorrela bat ez proiektu teknikoarekin ez Euskal Jaurlaritzaren jendaurreko epearen iragarkiarekin".
Xehetasun tekniko eta legal ugari eman dituzte Artolak, Alvarezek eta Egiak batzarrean. Horrekin batera, Udalak landu duen alegazio ereduaren aurkezpena ere egin dute."Jarduera zein izango den argitzea ezinbestekoa da", azaldu dute. "Prozesua hasi zenetik hiru aldiz aldatu da planta horretan egitekoa den jardueraren izendapena".
Gauzak horrela Udalak prest du aurkeztuko duen alegazioaren zirriborroa. 55 orriko idatzia da eta bertaratutako herritarren aurrean aurkeztu dute edukia. Hilaren 16an egitekoa den Lurralde batzordean aurkeztuko dute idatzia onartua izan dadin. Tramite hori gainditu ostean egingo dute publiko alegazio eredua herritarrek ere eskura izan dezaten sinatu eta nork bere aldetik aurkezteko.
Auzotarrek sinadurak batzen jarraituko dute
Batzar irekian herritarrek ere izan dute hitza hartzeko aukera. Hainbat gogoeta egin dituzte; bi hilabeteko epe luzea pasa dela Udalak auzotarrekin egindako bileraren eta herri mailan deitutako bileraren artean, proiektuaren kontrako herri plataforma antolatu beharko litzatekeela...
San Joan auzoko bizilagun Paul Aznalek adierazi du batzar irekia egin izana eskerrak emateko modukoa dela. "Espero dugu aurrerantzean ere horrelako gehiago edukitzea denok ere gauzak argi edukitzeko. Jakin dezala Udalak, dena den, guk hor jarraituko dugula laguntzeko bai, baina, baita ere, pauso bat ematen badute alde batera hori ez dela bide egokia gogorarazteko".
Herri plataformaren proposamena mahai gainean daukatela esan du Aznalek. "Ez dakigu herri plataforma izena hartuko duen edo ez. Gaur gaurkoz difusio talde bat sortu dugu ez dugulako nahi inor alboratuta sentitzea. Denak batera joatea nahi dugu horrela indar gehiago izango dugulako".
Sinadurak batzen jarraituko dutela berretsi du. "4.000 alegazio ditugu entregatuta, eta zapatuan Deban izango gara sinadura gehiago batzen. Guk ere baditugu adituak eta haiekin jarraituko dugu lanean. Argi geratzea nahi dugu ez dugula erraustegirik nahi ez Bergaran ez beste inon. Hala, jakin dezatela Zumarragan laguntzeko prest gaudela".