Goizeko 10:30ean aurkeztu zituzten hilaren 10ean eta 11n Gasteizen egingo duten ekitaldiko nondik norakoak, eta jarraian Burujabetzaren oinarri teorikoak lelopean Andoni Olariagak hartu zuen hitza: "Egun emankorra izan da militantziarako, komunitatearekin egoteko eguna izan da, hainbat gairen gainean hausnartzeko eta pozik geratu gara emaitzarekin", adierazi dio GOIENAri Auritz Arantzabalek.
Olariagaren berbaldiaren ondoren Has gaitezen burujabetzak gaurdanik eraikitzen! izeneko tailerrarekin egin zuten aurrera: "Debagoienetik, Debabarrenatik eta Goierri aldetik etorritako 50 lagun inguru batu ginen goizean. Tailerrean, talde txikietan banatu ginen eta burujabetza izan genuen berbagai, hau da, termino horren gainean hausnarketa egin genuen eta talde bakoitzaren ikuspuntua publikoan azaldu genuen gero", adierazi du Arantzabalek. "Horrekin batera, Larramendiko erraustegiaren gaia ere presente izan zen, azalpenak jaso genituen eta proiektu horren kontra egiteko sinadura bilketako paperak banatu genituen".
Eguerdian, eguna girotzen joateko triki-poteoa egin zuten eta ondoren Kartzela Zaharrean batu ziren bazkaltzeko. Arratsaldeko lehen orduan, berriz, musika akustikoko emanaldia izan zuten Irene Ruiz de Austriren eta Xabi Zuazabeitiaren eskutik, eta gauean rock kontzertuak hartu zuen erreleboa: "Bizkaia aldeko Akabu, Aretxabaletako Oihu eta Arrasateko Libertad Condicional taldeak izan ziren taula gainean eta Kartzela Zaharra jendez bete zen kontzertuok ikusteko. Pozik geratu gara azaroaren 10ean eta 11n Gasteizen egingo den Jardunaldi Nazionalera begira Bergaran egin dugun aurkezpen ekitaldiarekin".