Larramendiko paper-fabriken hondakinak kudeatzeko plantaren proiektuak berritasun esanguratsu bat bizi izan du asteon. Izan ere, Udalak baliorik gabe utzi du planta bertan eraiki ahal izateko uztailaren 23an eman zuen hirigintza-baimena. Azaroaren 2an sinatutako alkatearen dekretu bidez utzi zuen Udalak baimena baliorik gabe, eta Udal Gobernuak azaldu du zein izan den horretarako arrazoi nagusia: "Aipatutako txostena egiteko adierazitako jarduera ez dator bat ez ingurumen-baimen integratua lortzeko proiektuan jaso den jarduerarekin ez eta irailaren 23an EAEko Aldizkari Ofizialean jendaurrean jarritako jarduerarekin ere. Ondorioz, sustatzaileari garatu nahi duen jardueraren araberako beste txosten-eskaera bat egin dezala jakinaraziko zaio".
Artola: "Inkongruentea da"
Gorka Artolak "inkongruentea" izatea leporatu dio Alacanteko Valogreene Paper BC SL enpresari: "Enpresak argitu behar du zein den aurkeztu dituen hiru proiektuetatik aurrera eraman nahi duena". Enpresak hori zehaztu arte eta Udal Gobernuak Hiri Antolamendurako Plan Orokorrarekin bat datorren argitu arte, ez da baimenik emango. Erabaki hori enpresari jakinarazi zaio, eta baita Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariari ere, eta proiektuari alegazioak egin dizkiotenei ere erabakiaren berri eman zaie.
Tapia, "dena argitzeko prest"
Hain zuzen ere, azaroaren 2an bertan egindako gobernu bileraren ostean egindako adierazpenetan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak adierazi zuen Jaurlaritza industria hondakinak tratatzeko "hamar proiektu edo planta" eraikitzeko aukera aztertzen ari dela 2030era arteko epean. Besteak beste, Tapiak esan zuen hamar planta horien barruan Bergarakoa dela "guztietan aurreratuen" dagoen proiektua: "Badago proiektu bat martxan dagoena, demostratuta dagoen teknologia batekin eta Europar Batasunak ondo ikusten duena. Enpresak proiektua europar funtsetara ere aurkeztu du eta, beraz, badauka onespen bat. Ingurumenaren ikuspegitik aztertzen ari gara txostena egitea eta baimen hori ematea. Bergarako Udalak kezka agertu du behin baimena eman ondoren, baina, hala ere, ulertzen ditugu kezka horiek; gure aldetik, prest gaude behar den guztia argitzeko".
Informazio falta salatu dute
Azken egunotan mugimendu handia dago Bergararren Arreta Zerbitzuan, hainbat dira-eta alegazioak jartzera pasatu diren bergararrak. Udalean erregistratu ostean Jaurlaritzara bidaliko dira helegite horiek. Herritarren artean "kezka eta haserrea" dira nagusi, eta, bereziki, proiektuaren bueltako informazio falta salatu dute: "Gai hauek oso teknikoak dira guretzat, handi geratzen zaizkigu, baina, Zaldibarren gertatu zena ikusita, oso kezkatuta gaude".
"Eztabaida sosegatua" nahi
Aurrera begira, "eztabaida publiko eta sosegatua" eskatu du Udal Gobernuak: "Aurrera egingo bada, ziurtasunak eta bermeak behar ditugu, eta hori, sustatzailearen, Jaurlaritzaren, talde ekologisten, herriko beste enpresen eta interesdunen eztabaida publiko eta sosegatu baten bidez soilik lor daiteke".
Auzotarrak alegazioekin ari dira, "buru-belarri"
Auzotarrek "kezka eta haserre handiz" bizi dute egoera, eta, hirigintza txostena baliorik gabe geratuta ere, "erraustegiaren aurka" lanean jarraituko dutela adierazi diote GOIENAri: "Tramitazioko akatsak zuzentzen badituzte, aukera legoke plantak aurrera egiteko, eta guk alegazioekin eta sinadurekin jarraituko dugu. Prozesu hau amaitu ostean, plataforma bat osatzeko asmoa dugu; orain, baina, alegazioekin ari gara buru-belarri".
Diotenez, 500 bat helegite erregistratu dituzte Udalean, Jaurlaritzako Ingurumen Sailera bidaltzeko, eta 2.000 inguru izango direla aurreikusten dute. Azaroaren 8ra arte dago alegazioetarako, eta, hamabost eguneko luzapena eskatu badute ere, auzotarrek ez dakite oraindik euren eskaera aintzat hartuko den. "Gaiaz dakitenek esan digute Jaurlaritzak azken egunera arte itxaron dezakeela alegazio-epea luzatu edo ez erabakitzeko. Zain gaude".
Sinadurak biltzeko mahaiak asteburu honetan ere jarriko dituzte. Iralan, frontoian eta San Martin plazan egongo direla diote, gaur eta bihar, 16:30etik 20:30era. "Ea zenbat jende gauden mahaietarako, baina gure asmoa da zapatu goizeko azoka eta domeka goizeko Matxiategiko pintxo-potea baliatzea, eta Osintxun zein Angiozarren ere mahaiak jarri nahi ditugu asteburu honetan".