Euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu dute UEMAk eta hiru finantza erakundek

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urr. 20a, 15:11

Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu eta aurkeztu dute gaur goizean Bergaran UEMAk, Laboral Kutxak, Kutxabank-ek eta Bankoak, udalerri euskaldunetako 44 alkaterekin batera. Hizkuntza irizpideak adostu dituzte UEMArekin, eta udalerri euskaldunetan dituzten bulegoetan euskara lehenetsiko dute hiru finantza erakundeek.

Gaur, urriak 20, elkartu dira Bergarako Seminarixoan finantza erakundeetako ordezkariak eta alkateak eta Gorka Artola alkateak egin die harrera erakutsitako konpromisoa eskertuz. UEMAko lehendakari eta Elgetako alkate Iraitz Lazkanok ere hartu du hitza ekitaldian eta, besteak beste, Laboral Kutxaren, Kutxabanken eta Bankoaren euskararekiko jarrera txalotu du.

Ondoren, hiru finantza erakundeetako ordezkariek egin dute berba. Laboral Kutxak atzera begiratua egiteaz gain, etorkizunari anbizio handiarekin heltzen diola esan eta gazteengan jarri du interes fokuetako bat. Kutxabankek, berriz, egoera zehatz batzuen adibideak jarri ditu ahalik eta euskara gehien bermatzeko. Eta Laboral Kutxarekin eta Kutxabankekin 2016an sinatutako hitzarmena eguneratzeaz gain, UEMAk hirugarren finantza erakunde bat ere erakarri du hitzarmen berrira, Bankoa.

Ekitaldiaren amaieran 44 udal ordezkariak hitzarmena sinatzeko igo dira Seminarixoko agertokira. Debagoienari dagokionez, ekitaldian egon dira Bergarako alkate Gorka Artola, Oñatiko Izaro Elortza, Antzuolako Beñardo Kortabarria, Elgetako Iraitz Lazkano eta Aramaioko Lierni Altuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak