Aitarengandik jaso zuen akordeoiarekiko zaletasuna. Zazpi urterekin ekin zion akordeoia jotzeari eta Eibarren ikasi zuen Amada Mugerzarekin. Hura ezkondu eta aitak Bergarara bidali zuen, urte luzez Bergarako Musika Bandako zuzendari izandako Miguel Gonzalez Bastidarekin ikastera.
17 urterekin bere lehen diskoa grabatu zuen eta 19 urterekin Kubara abiatu zen, amarekin batera. Tropicana orkestran –La Habanako Tropicana Kabareteko orkestra– jo zuen urteetan. 1950tik 1954ra arte. Beste batzuen artean, Bebo Valdes, Celia Cruz eta Xabier Cugatekin batera aritu zen oholtzaren gainean. Eta Orson Welles, Mario Moreno Cantinflas edota Ernest Hemingway ezagutu zituen, iraultza aurreko La Habanako gau haietan.
Sagastume 1950ko hamarkada erdialdean itzuli zen Euskal Herrira. Urki Orkestra sortu zuen beste sei musikarekin batera eta Eibarko Jai Alain jo zuen urteetan; gerora, baita Bergarako Ariznoan ere. Musikari askoren laguna, horien artean, Felix Aranzabal Angiozarko itsuarena, Sagastume beraren berbetan, ezagutu zuen "akordeoi jotzailerik bikainena".
Bergarara ezkondu zen, Raizabal gozotegira. Hango alaba Miren Berasategi Raizabalekin. Eta bertan jardun zuen gozogile lanetan erretiroa hartu arte.
Euskal Herriko akordeoi lehiaketa garrantzitsuenetan epai-mahaiko kide izan zen urteetan. Duela 10 bat urte utzi egin behar izan zion bere zaletasun handienari, akordeoia jotzeari, osasun kontuengatik.