Habanan, Tropicana kabareteko orkestran jardun zuen 1950eko hamarkadako hasieran. Izenak eta datak ahazten hasia dela diosku Sagastumek, baina jardun eta umore oneko gizona da, Eibarko hizkerari eusten diona. Medikuak soinua jotzea debekatu zion orain dela hiru bat urte, gehiegizko zigorra musika barruan daramanarentzat. Elkarrizketaren amaieran, 46 urtez alboan duen Lucchini soinua atera, eta Lágrimas negras, Siboney eta Mi casita de papel kantuen doinuak eskaini dizkigu.
Zure lehenbiziko soinua gogoratzen dugu, Migel?
Bai, horixe! Larrinaga y Gerrini markakoa zen eta 3.900 pezeta ordaindu zuen aitak, txahal baten prezioa.
Aitak bultzatu omen zintuen soinua jotzera...
Aitari asko gustatzen zitzaion, bai, eta soinu diatonikoa jotzen zuen hark, baserrian genuen tabernan gehienbat. Pianoa ikasten ere ibili nintzen lau urtez eta ondoren, 13 urterekin-edo, Bergarara etorri nintzen; Migel Gonzalez Bastidak ematen zizkigun eskolak, Arruriagako Acedo-Loiolako etxean. Handik atera eta askotan gaurko Danok-Bat elkartearen tokian zegoen sagardotegira joaten ginen, sagardoa edatera eta sardinak jatera.
Eta gaztetan joan zinen Kubara...
Gernika aldean-eta asko ibiltzen nintzen, ezkontza eta erromeriatan eta halako baten, Tropicanako bazkideetako bat, euskalduna bera, ezagutu nuen. Hark egin zidan Habanara joateko proposamena. 19 urte bete gabe nituen artean, eta aitari baimena eskatzeko esan nion. Izan ere, soldadutza egin behar nuen... Azkenean, aitak baimena eman zidan eta agiriak lortzeko orduan soldadutza Habanako Espainiako enbaxadan egin beharko nuela agindu zidaten. Amarekin joan nintzen Kubara eta 31 egun egin genituen barkuan Habanara heltzeko, pentsa...
Ikustekoa izango zen Kuba urte haietan...
Ameriketako Estatu Batuetatik jende asko etortzen zen, han jokoa debekatuta zutelako. Montmartre, Sans Souci eta Tropicanakoa ziren kabaret ezagunenak. Tropicanan hiru orkestra ziren eta gurean 23 musiko ginen; egunero goizeko hirurak arte jotzen genuen. Eguenetan jai izaten genuen eta askotan arrantzan egitera joaten ginen. Eskuarekin otarrain mordo bat hartutakoa naiz ni han... Euskaldunak ere baziren, tartean zestan jokatzen zuten pilotariak. Habanako Euskal Etxean asko ibiltzen ginen.
Bebo Valdes ezaguna ere zurekin jardun zuen Tropicanan, ala?
Bai, oso jatorra da eta pianista bikaina, hura eta haren semea ere bai, Chucho. Mutikoa zela ezagutu nuen Chucho Kuban... Orain dela bizpahiru urte etorri ziren biak Donostiara, Kursaalera, eta kamerinotan elkar agurtzeko aukera izan genuen. Chucho eta nire etxekoak harrituta Bebo eta biok aspaldiko kontuak gogoratzen hasi ginenean...
Egon zara inoiz Kuban berriz?
1954an bueltatu ginen Kubatik eta 1959an ezkondu nintzen Bergarara. 1984an, zilarrezko ezteiak bete genituenean, emaztea eta biok ospakizun bidaia egin genuen. Baina hegazkinen greba tarteko, ezin izan genuen Mexikotik Kubara pasatu eta ez naiz Kubara bueltatu ez... Acapulcon geratu behar izan genuen, eta zera esaten zidaten: hobe zela Kubako lehengo oroitzapenekin geratzea, ondorengoak ez zuelako zerikusirik nik ezagututakoarekin. Ondo gogoan dut oraindik Habanako katedraletik gertu, O'Reilly kalean, genuen etxea. Alaba nagusia eta haren senarra egondakoak dira.
Grabazioak badituzu etxean?
Bai, neuk etxean grabatutakoak gehienak. Mordo ba ditut. Orain, medikuak aginduta, ez dut soinua jotzen. Lana eta autoa hartzea debekatu didate... Lana, ostera, ez, e? Hau da hau!