Txalo artean, eta nola ez, akordeoi soinuarekin omendu zuten Migel Sagastume Urkiko magoa Santa Marina parrokian. Debagoieneko Musika eskolek antolatu zuten kontzertua soinua jotzen aitzindari izan dena omentzeko.
Parrokia bete egin zen
Eliza beteta hasi zuten emanaldia Osintxuko Musiraka dantza taldekoek. Ondoren musikarien eta soinu joleen txanda izan zen. Soraluzeko musikariek Lau teilatu eta Aitormena abestiak eskaini zituzten; eta, Arrasate musikalekoek Ilargia. Horiek izan ziren abesti modernoenak. Ondoren, Eskoriatza, Aretxabaleta, Oñati eta Bergarakoen txanda izan zen.
Ekitaldia Oihan Vega kazetariak aurkeztu zuen. Sagastumeren bizitzaren gainean berba egin zuen Vegak eta elizako pantailetan ikus-entzunezkoak ere jarri zituzten.
'Zorionak!' eta oroigarriak
Une hunkigarria bizi izan zuen Sagastumek Irungo kontserbatorioko seikoteak jo zuenean; tartean zegoen June Martin biloba. Ondoren Joxan Goikoetxea lagun-mina eta soinu-jole apartaren txanda izan zen.
Kontuan hartuta Sagastumek eguenean 81 urte bete zituela Zorionak! abestu zioten emanaldira joandakoek. Gero oroigarriak jaso zituen Bergarako Musika Eskolaren eta Bergarako Udalaren eskutik.