HEMEN DEBAGOIENA

Kalejirarik ezin denez egin, danborradarik ere ez sanmartinetan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko ira. 2a, 07:32

Atzo, irailak 1, udal ordezkariekin egindako bileran "ia aho batez" erabaki zuten danborradako ordezkariek San Martin bezperan, irailak 15, helduen danborradarik ez egitea. Legeak ez du kalejirarik egitea baimentzen eta, beraz, San Martin plazan, modu estatikoan eta edukiera kontrolatuarekin egitea litzateke aukera bakarra. Irailaren 16an egin ohi den umeen danborradarik ere ez da egingo.

Modu horretan egiteak ekitaldia bera desitxuratuko zuela iritzita hartu zuten erabakia atzo udaletxean egindako bileran. Bestalde, jairik egongo ez dela behin eta berriz nabarmendu ostean, kultura eskaintza bereziki indartzeko apustua egingo dutela aurreratu zion GOIENAri kultura zinegotzi Kristina Markinak. "Danborrada bigarren urtez ez egitea pena bat da... Bestalde, egitarauari dagokionez oraingoz ezin dugu apenas ezer aurreratu. Kultura eskaintza bereziki indartuko dugu, hori bai esan dezakegula".

Dantza solte txapelketa, Seminarixoan

Jairik ez, beraz, baina pandemia aurretik klasiko ziren ekitaldietako batzuk egingo dira. Irailaren 10ean, esaterako, Moises Azpiazuren omenezko dantza solte txapelketaren 36. edizioa jokatuko da Seminarixoan (19:30). Bergarako Musika eta Dantza Eskolako idazkari Nekane Gabilondok adierazi duenez, argi geratu zen iaz Seminarixoa leku egokia dela: "Pandemian gauden bitartean neurri guztiak bermatu ditzakegu eta dantzariendako eurendako ere lekuko oso aproposa da. Izen-ematea egubakoitzean itxiko da eta, beraz, ezin dezakegu esan oraindik zenbat bikotek hartuko duten parte. Hala ere, ohiko kopuruetan ibiltzea espero dugu, hamabi edo hamahiru bikote". Izena eman dutenen aurten daude iazko irabazleak: Bergarako Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak