Martxanterak talde feministako kideak Erasorik ez, erantzunik gabe! pankartarekin jarri dira San Martin plazan; atzean, Udal ordezkariak izan dituzte eta baita herritar mordoa ere. Bergararrek gogor salatu dute Gijonen gertatutako talde bortxaketa.
Talde feministako kide Ainhoa Narbaizak azaldu du plaza "zeharo beteta ikustea poztekoa" dela, baina nabarmendu du horrelako "gertakari larrien aurrean batzea" bezain garrantzitsua dela "egunerokoan jendeak beste gauza batzuetan ardurak hartzea, antolaketarako prest egotea eta beste ekimen batzuetan ere erantzun hau ematea".
Gijoneko erasoak manada kasuarekin mediatikoki duen antzekotasuna azaldu du: "Indarkeria sexualak badauka ezaugarri bat: oso mediatiko bihurtzen ari dela azken urteetan eta guri kezka sortzen digu mediatizazio horrek sortzen duen terrore sexuala. Guregan jartzen da fokua eta beldurra sortzen du. Horregatik trataera zaindu egin behar da. Bestalde, gu ere hausnartzen ari gara zer pizten duen jendea elkarretaratzera etortzeko".
"Morbotik baino gehiago jo dezagun elkar babesetik"
Horrelako gertaerek erakusten dute oraindik lan asko dagoela egiteko: "Argi eta garbi lan asko dugu egiteko eta beste gauza bat azpimarratu duguna da morbotik baino gehiago jo dezagun elkar babesetik. Antolakuntzari garrantzia eman behar diogu, eta gure gorputzetatik autodefentsa feminista praktikatu behar dugu".
Udalaren erantzuna
Bergarako Udalak bat egin du Martxanterak taldearen deialdiarekin. "Ez Bergaran ezta ere Euskal Herrian horrelako jarrerek ez dute lekurik. Bergarako herriak beste behin ere erantzun du horrelako egoeren aurrean. Atzo esan genuen moduan, erasoa salatzen dugu eta biktimari gure babesa erakutsi. Dauzkagun baliabide guztiak jarriko ditugu eskura", azaldu du Ainhoa Lete alkateordeak.
Erakundeen arteko lankidetza
Bergaran izan da Berdintasuneko foru zuzendari Miren Elgarresta: "Erantzun publikorako protokolo instituzionala aktibatu dugu eta koordinazio sutsu bat egin ondoren gaurkoan erantzun publikoa ematera gatoz. Oso garrantzitsua da horrelako tresna bat martxan jartzea. Bi zutabetan sostengatzen da: alde batetik gaitzespena. Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean gaitzetsi egin behar dugu mota honetako eraso eta eraso sexista guztiak. Eta bestetik biktimei elkartasuna eta babes osoa eskaintzea. Tresna ezin hobea dugu esku artean erakundeen arteko lankidetza islatu eta garatzeko; eta, bide batez, herritarrekin batera erantzun bat eman ahal izateko".
"Beti esan ohi dugu egiturazko arazoa dugula gure gizartean. Biolentzia hortxe dugu eta biolentzia hori elikatu egiten da gizartean ditugun ezberdintasunez. Herri politikak horretara zuzendu behar ditugu, ezberdintasun horiek desager daitezen", esan du Elgarrestak.