Egubakoitz arratsaldean egin zuten Bergara Hiria San Martzial Emakumeen txirrindulari saria, erlojupeko igoera, eta kadete, jubenil eta elite mailako txirrindulariak aritu ziren nor baino nor gehiago. Aldapa gogorrak igo behar izan zituzten, eta parte-hartzaile debagoiendarrek azaldu dute proba "azkarra" baina "intentsitate handikoa" izan zela.
Denborarik onena Sopela Women's Team taldeko Ines Canterak egin zuen (00:05:19), eta beraz, berak eskuratu zuen Bergara Hiria sari nagusia. 23 urtez azpikoetan lehena izan zen. Talde bereko Claire Steels (00:05:22) bigarren sailkatu zen, eta bera izan zen elite mailako onena. Rio Miera taldeko Irene Mendezek osatu zuen podiuma (00:05:34). Azkenik, Bolintxo Okindegia-Lana taldeko Olatz Gabilondo bergararrak taldeko azkarrenaren saria eskuratu zuen, maila horretan (00:06:32).
Jubenil mailan, Laia Puigdefabregas nafarrak egin zuen denborarik onena (00:05:54) eta bigarren eta hirugarren izan ziren, hurrenez hurren, Seguros Bilbao-Miribilla taldeko Eneritz Vadillo (00:06:06) eta Arabarrak taldeko Olatz Camino (00:06:11).
Itxaso Plazak bi sari
Kadete mailari dagokionez, Limousin taldeko Ayala Serranok behar izan zuen denbora gutxien San Martzialera iristeko (00:06:15) eta bigarren azkarrena Txorierriko Nesken Taldeko Valeria Mouro izan zen (00:06:16). Bolintxo Okindegia-Lanako, etxeko taldeko, Itxaso Plaza arrasatearra izan zen hirugarrena (00:06:42), eta hori gutxi balitz, taldeko azkarrenaren saria ere eskuratu zuen maila horretan.
Debagoiendarrek, emaitza onak
Gabilondo eta Plaza ez ezik, eskualdeko beste lau txirrindularik hartu zuten parte atzoko proban. Elite mailako Laboral Kutxa taldeko Ainhize Barrainkua aretxabaletarra izan zen Debagoieneko txirrindularien artean proba azkarren amaitu zuena (00:06:25), eta segundo batzuk gehiago behar izan zituen talde bereko Garazi Estebezek (00:06:36). Eneritz Urrutia arrasatearrak ere hartu zuen parte atzoko proban, eta zazpi minutu eta segundo bat behar izan zituen helmugaratzeko. Kadete mailan lehiatu zen, azkenik, Edurne Ormaetxea aramaioarra (00:08:10).
Ayala Serranok, Sandra Gutierrezek eta Ines Canterak mallot bana ere eskuratu zuten, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren eskutik.