Bigarren urtez jarraian, sanmartzialik gabe Bergaran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko uzt. 2a, 12:47

Bigarren urtez jarraian ez da erromeriarik izango San Martzialen. Pandemiarik ez balego domeka honetan, uztailak 4, ospatuko litzateke hainbat bergararrendako urteko egunik bereziena dena. Baina egoera epidemiologikoak ez du oraindik festarik ospatzea eta, beraz, jende pilaketarik izatea ahalbidetzen. Herenegun, ekainak 30, hamabost herritar igo ziren ermitara, letaniak otoitz eginaz.

Udalak bi eskaera ere egin nahi izan dizkie bergararrei: pertsonen artean elkar zaintzeko, azken hilabeteotan egin duten moduan, eta ingurunea ere zain dezaten: "Osasun zein udal administrazioetatik emandako jarraibideak aintzat hartzea beharrezkoa da, azken aste eta hilabeteotan gaitzaren hedapena murriztea ekarri duen ahalegina alferrikakoa izan ez dadin. Bergararrei pazientziaz eta arduraz joka dezaten eskatu nahi die Udalak. Ondo ari gara orain arte. Badakigu guztiok nahi eta behar ditugula aisialdia, jaia egin, lagunekin egon... baina erantzukizunez ekitea dagokigu".

San Martzialgo ermita atarian atera zuten argazkia. Argazkia: Pedro Garitano.

Hamabost lagun igo ziren San Martzialera

Erromeriarik eta parrandarik ere ez da izango aurten, baina 134 urte dituen usadioari eusten dionik bada oraindik Bergaran. Izan ere, ekainaren 30ean, San Martzial eguna, letaniak otoitz eginaz San Martzialera oinez igotzeko ohitura handia zegoen. Aurten ere halaxe egin du adineko herritar talde txiki batek, Jon Molina parrokoa gidari hartuta, baina urtez urte beherantz doa herritar kopuru hori. 80 lagun ere elkartu izan dira garairik oparoenean, eta aurten hamabost lagun bakarrik izan dira. Santa Marina parrokiatik goizean goiz abiatuta, aldapan gora tipi-tapa igo ziren San Martzialera eguaztenean, letaniak abesten.

Aurten meza, sikiera

Iaz, pandemiaren egoera okerragoa zenean, 22 herritar elkartu ziren; Jon Molina parrokoak ezin izan zuen mezarik eman neurri murriztaileengatik; aurten, meza izan dute, sikiera. "Meza entzuteko aukera izan genuen, eta ostean kanpaiak ere jo genituen", adierazi du ekintzan parte hartzeko ohitura duen Pedro Garitanok. Pandemia aurretik ohitura zen San Joxepe erretiratu elkarteak txokolate-jana prestatzea, baina, pandemiagatik, ez dute egin: "Ea hurrengo urtean egin dezakegun".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak