7.000 errenta aitorpen baino gehiago egin dituzte Bergarako bulegoetan

Maialen Santos 2021ko uzt. 1a, 16:07

Asteon amaitu da aurtengo errenta aitorpenaren kanpaina, eta Jokin Perona Ogasuneko foru diputatua Bergarako bulegoetan izan da gaur. Bulegoetan aurkeztu dituzten 60.803 aitorpenetatik 7.562 egin dituzte Bergaran.

Gipuzkoako Foru Ogasunak eguaztenean itxi zuen 2020ko errenta kanpaina, eta horren balorazioa egiten izan da gaur, Bergarako bulegoan, Jokin Perona Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantzetako foru diputatua. Aditzera eman du denera 383.390 errenta aitorpen egin dituztela aurtengo kanpainan Gipuzkoan; berez, iaz baino %0,17 gutxiago, epez kanpo aurkezten direnak zenbatu gabe. "Baliteke oraindik ere joan den urteko kanpainako zifra berdintzea", ohartarazi du.

Aurtengoa, "normaltasunez"

Peronak nabarmendu du pandemia iritsi zenetik egin duten bigarren errenta aitorpen kanpaina izan dela honako hau, baina "normaltasunez" egin ahal izan dutela aurtengoa. Aukera telematikoen aldeko joera handiagotu egin dela adierazi du: "Gure apustuak izan behar du telematikoki erraztea gauzak egitea, baina baita aurrez aurreko arreta eskaintzea ere". Bestetik, iragarri du bi aste barru egingo duela Gipuzkoako Foru Ogasunak behin betiko balorazioa, eta bertan emango dituela itzulketei eta jasotako baliabideei buruzko datuak, baina behin-behineko aitorpen kopuruaren zifra aurreratu du. "Modalitate ezberdinen arabera, 222.639 herritarrek etxean jaso eta onartu dituzten autolikidazio proposamenak izan dira, 60.803 bulegoetan aurkeztu direnak eta 99.948 Internet bidez", esan du. Bergarara etorrita, 7.562 aitorpen mekanizatu aurkeztu dituzte aurten: "Beraz, gutxi gorabehera, %12 herri honetan eginak izan dira".

Langileei eskertza

Aurtengo errenta aitorpenaren kanpainan 200 langile ibili dira lanean, bederatzi herritan banatuta egon diren hamaika bulegotan, Bergarakoa tartean. Eta esker hitzak izan ditu lanean aritu direnentzako, bereziki arreta presentzialeko lantaldearentzako, eta baita herritarrentzako ere: "Arlo telematikoa indarra hartzen ari da gizartea garatzen doan heinean". Eta gehitu: "Eskerrak eman gura dizkiet herritarrei, egin duten ahaleginagatik, eta baita langileei ere, egindako lana itzela izan delako". Are gehiago, esan du langile horiek "Ogasunaren aurpegia" izaten direla kanpainak irauten duen bitartean.

Euskara, erronka

2022an 100.000 aitorpen euskaraz egiteko erronka du jarrita Aldundiak, eta bide onetik doazela adierazi du Perona diputatuak, aurtengo datuak oraindik atera ez badituzte ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak