Udako aisialdi eskaintza "zabala" izango dute Bergarako gaztetxoek

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko eka. 30a, 13:51

Udalak, ikastetxeetako ordezkariekin, gaztelekukoekin eta Jardunekoekin batera, aurtengo udako aisialdirako gaztetxoendako antolatu dituzten ekintzak aurkeztu ditu. Udaleku irekiez gain, gaztelekuko udako jarduerak, kirol kanpusa, Laboratorium museoan eskainiko dituzten berrikuntzak eta Usondon jarri duten liburutegiaren berri eman dute.

Askotariko ekintzez gozatzeko aukera izango dute aurtengo udan Bergarako haur eta gaztetxoek. Izan ere, aisialdi eskaintza “zabala” aurkeztu du Udalak, ikastetxeetako ordezkariekin, gaztelekukoekin eta Jardunekoekin batera.

Udaleku irekiak

Astelehenean hasi zituzten udaleku irekiak, esaterako. Aurten lau urteko umeetatik hasi eta 12 urtera bitarteko 373 haur eta gaztetxo ari dira parte hartzen eta 50 hezitzaile dituzte alboan. Osintxun eta Angiozarren ere antolatu dituzte.

Bergarako hiru ikastetxeek instalazioak utzi dituzte gainera udalekuak aurrera eramateko eta haur ugari batu dituen euskarazko aisialdi hezitzailea eskainiko dute beste urte batez.

95.000 eurotako aurrekontua bideratu du Udalak udaleku irekietara. 

Gaztelekuko udako jarduerak

Gaztelekuko udako jarduerei dagokienez, azpimarratu behar da urte guztian zehar eskaintzen dituzten askotariko eskaintza zabaldu egiten dutela nerabeen opor garaian. Aurten gainera, berrikuntza moduan, aniztasun funtzionala daukaten gaztetxoendako ere eskaintza espezifikoa sortu du Udalak eta gainontzean ere, askotariko jardueren eskaintza izango dute. Ekainaren 18an hasi ziren ekintza berezi horiekin eta uztailaren 30era arte izango dituzte halakoak nerabeek.

Urte guztian zehar Udalak bertara bideratzen duen aurrekontua 120.000 euro ingurukoa da.

Kirol kanpusa

Kirol kanpusa, berriz, 249 haurrekin hasi dute eta aurreikuspen guztiak gainditu ditu izen-emateak, 100 haur inguru espero baitzituzten. Parte-hartzaileak hainbat joko eta kirol praktikatzen ari dira eta horretan jardungo dute uztailaren 16ra bitartean.

Kirol kanpusaz gain, igeriketa ikastaroak ere jarri dituzte martxan.

Laboratorium museoko eskaintza

Laboratorium museoan eskainiko dituzten jarduerak uztaileko lehen hamabostaldian egingo dituzte eta berrikuntzekin datoz. Izan ere, saguzarrak hobeto ezagutzeko jarduera berezi bat eskainiko dute eta astronauta baten moduan entrenatzeko saioak ere eskainiko dituzte.

Jarduera horietarako 5.000 euro inguru bideratu ditu Udalak.

Liburutegia, Usondon

Gaineratu dute, aurreko urteetan Agorrosinen jarritako liburutegia, aurten Usondo parkean egongo dela, pertsona gehiagorengana iristeko helburuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak