Legazpiarrak gehiago ziren kolpez, baina bergararrek ondo eutsi diete neurketaren lehen zatian; eutsi, aurkariek huts edo eurek tantoa egitea lortu arte. Hasieratik hartu dute aurrea etxekoek, baina bosna berdindu dute kanpokoek. 12-6 jarri dira berriro, baina legazpiarrek sakea berreskuratu eta sakez egindako hiru tantorekin eta Telleria legazpiarrak bikain zabaleratutako pilota batekin berriz ere jarri dira tanto bakarrera. Baina harrapatu ezin.
15-11, berriz ere etxekoak aurretik. Hortxe izan du Rezustak bolada kaxkar bat, eta hiru pilota utzi ditu jarraian eraman barik. Hortik aurrera, Mikel Etxezarretak are protagonismo handiagoa hartu du partiduan. Hainbat tanto amaitu eta 18-14 aurreratu dira berriro etxekoak. Baina, bosnakotik lehen aldiz, partidua berdintzea lortu dute berriro legazpiarrek. Arrisku handiagoak hartu ditu orduan Arrasateko aurrelariak, eta ondo atera zaio: aurrean jokoa nahastuta, pilota atzean zabaleratuta eta dejadaz lortu ditu hiru tanto, eta Telleriak gantxoa txapara bidalita iritsi da 22.a.
Aspaldiko partez, publikoa izan da Bergarako udal pilotalekuan. Eta bateko zein besteko pilotariek eskertu dituzte zaleen animoak. Legazpiarrek ere eraman dituzte jarraitzaileak, baina, zalantza barik, zaratatsuenak Arrasatetik iritsitako Etxezarretaren lagunak izan dira.