ALBISTEAK

Kataluniarrekin topaketa antolatu du Gure Eskuk Bergaran

Julen Iriondo Mtz. de Zuazo 2021eko ekainaren 16a

Euskal Herria eta Katalunia, Bergara eta Manlleu arteko topaketak antolatu ditu Gure Eskuk, Udalaren laguntzarekin, ekaineko azken astebururako.

Egubakoitz arratsaldean kataluniarrei harrera egin eta Askatasunaren Martxa izango da ondoren. Zapatuan, berriz, hiru arlotako topaketak izango dira goizean aldi berean, eta bi herrietako eragile eta norbanakoek hartuko dute parte hauetan: kultura arloko topaketa egingo dute kartzela zaharrean, eraldaketa sozialarekin lotutakoa Irizar jauregian eta politikoa Seminarixoan. Eguerdian, berriz, solasaldia izango da han bertan, CUP alderdiko David Fernandezekin eta Mario Zubiagarekin. Ekitaldi nagusia, baina, 19:00etan hasiko da, eta Seminarioko jolastokian izango da: ez dira musika eta umorea faltako, eta David Fernandezen eta Zelai Nikolasen hitzartzeak ere izango dira.

Topaketaren helburua da bi herrien arteko –Bergararen eta Manlleuren artekoa, eta Euskal Herriaren eta Kataluniaren artekoa– lotura sortzea eta indartzea, besteak beste; baita erreferendumaren aldeko Gure Eskuren sinadura bilketari bultzada ematea ere.

Pol-Polen eta bergarakogureeskudago@gmail.com helbidean eman daiteke izena topaketetarako eta bazkarirako –zapatu eguerdikoa–, eta ekitaldi nagusirako sarrerak ere Pol-Polen eskuratu daitezke, edo eguenean eta zapatuan Gure Eskuk kalean jarri ohi duen mahaian.

Herritarrei bakarrik ez, debagoiendar orori ere egin diete gonbidapena Gure Eskutik ekaineko azken asteburuan Bergarara joan daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak