EH Bilduren "kudeaketa eza" salatu du beste behin Bergarako EAJk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko eka. 9a, 12:13

2019-2023 agintaldiaren erdialdera heldu izana aprobetxatu du Bergarako EAJk azken bi urteotako balorazioa egiteko. EH Bilduren "kudeaketa falta eta elkarlanerako jarrera eza" salatu dute. "Ezinbestekoa da elkarlana; hainbat kontutan ez da posible izango baina herriari begira ezinbesteko gaietan ados jarri behar gara, are gehiago bizi dugun egoeran", dio jeltzaleen bozeramaile Maite Agirrek.

2019-2023 agintaldiaren erdialdera heldu izana aprobetxatu du EAJk azken bi urteotako balorazioa egiteko. Oposizioan egindako lanari dagokionez, diote jarrera eraikitzailearekin aritu direla lanean: "Herri ordezkari garen heinean, bergararrei entzutea eta erantzutea da gure betebeharra; horretan saiatu gara beti eta horretan jarraituko dugu".

Udal aurrekonturako ekarpenak

Ekarpenei dagokienez, azken urtean udal aurrekontura begira egindakoak nabarmendu dituzte jeltzaleek. Herritarren ongizatera begira, Boni Laskurainen hirugarren adinekoei begirako kalte arineko arreta zerbitzua, jaiotze tasa igotzeko asmoz diru laguntza zuzenak ematea eta, azkenik, hileta zibiletarako berezko gunearen sorrera. Turismoa bultzatzeko bi proposamen ere egin zituztela gogorarazi dute, tartean, Santa Marinako zubia argiztatzea eta San Pedro elizako gangak bisitatzeko moduan jartzea.

Horrez gain, eurendako "lehentasunezkoak" diren beste proiektu batzuk garatzeko eskaera ere egin dute bi urteotan: 2021ean Zubieta eta Masterreka ardatza berriro urbanizatzeko proiektuaren lehen fasea gauzatzea, seminarioko parkingaren proiektuarekin hastea, Boluko malda behin betiko egonkortzea eta Martokoa eraberritzeko proiektua idaztea. Kultura sustatzeko, Arrizuriaga kultura arloari bideratzeko proiektuaren idazketan parte hartzeko ere eskatu zioten EH Bilduren Udal Gobernuari.

Ostalaritzari "laguntza zuzenak"

Bestalde, pandemiari aurre egiteko "hainbat proposamen" luzatu zituzten jeltzaleek; eta horien artean, ostalaritzari bideratutakoak nabarmendu zituzten martitzeneko agerraldian.

Bergarako "diru-laguntza zuzenak" ez dira nahikoak izan EAJko bozeramaile Maite Agirreren arabera: "Gogoratu behar dugu, 2020an, Bergarako ostalarien artean guztira 44.800 euro banatu zirela, 74 ostalarien artean. Arrasaten, aldiz, 265.153 euro banatu ziren 96 ostalariren artean, eta Oñatin, 172.287 euro 54 ostalariren artean".

Proposamenak betetzeko eskaera

EAJk egindako ekarpenen aurrean EH Bilduk izan duen jarrera ez da izan nahi bezain positiboa, jeltzaleen ustez: "Maiz ez dira aintzat hartu eta kontuan izan direnak ere, bi urte pasa ondoren, oraindik gauzatu gabe daude". Hortaz, EAJk ez du, oro har, elkarlanerako borondate handirik ikusi: "Batzordeetan hartutako erabakiak jakinarazteko erabiltzen dira, ekarpenak egiteko tarterik eman gabe".

Maite Agirre: "Maiz ez dira aintzat hartu gure proposamenak eta kontuan izan direnak ere, bi urteren ondoren, oraindik gauzatu gabe daude"

Era berean, bideo-akten sistema batzorde informatzaileetan ere aplikatzea nahi dute: "Osoko bilkuretan duela ia hiru urte hasi zen eta benetan aurrerapauso garrantzitsua izan dela, gardentasuna eta eraginkortasuna bermatzeko".

"Erabateko gaitzespena" pintaden aurrean

Azken hilabeteetako pintaden eta pankarten harira ere ezinegona adierazi du EAJk, bereziki Maiatzaren Lehenaren bueltakoen inguruan. "Erabateko gaitzespena adierazten dugu eta Udal gobernuari berriz ere eskatu nahi diogu ken ditzala. Demokrazian, bizikidetza eta normaltasun politikoa lortzeko helburuarekin, ez dira onargarriak agertutako mezuak".

Bideo aktak, baita batzordeetan ere

Osoko bilkuretan erabiltzen den bideo akten sistema batzordeetan ere aplikatzeko ere eskatu diote EH Bilduri eta uste dute, are gehiago pandemia egoera baten, elkarlana ezinbestekoa dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak