Afrikako koloreen poza, Bergararekin fusionatua

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mai. 27a, 18:14

Isabel Vargas jostun bergararrak Afrikako ehunekin egindako askotariko jantziak oinarri hartuta, Ndank Ndank elkarteak moda bilduma berria atera du, Senegalen martxan duten kultura proiektu bat indartzeko; lehen asteko salmenta "izugarri ona" izan da. 

Bigarren urtez jarraian jarri du martxan moda katalogo berria du Ndank Ndank elkarteak. "Neguan zehar, Isabel Vargas jostun bergararrak Afrikako ehunekin askotariko jantziak sortu ditu. Bi kontinenteetako elementuak fusionatu ditu eta oso emaitza erakargarria izan da. Soinekoak, jakak, alkandorak eta halako jantziak sortu ditu. Era berean, gure modako ohiko jantziak –jakak, izerditzeko jertseak, gonak...– Senegalgo ehunekin pertsonalizatu ditu".

"Izugarri ona" izan da harrera

Proiektu horren bitartez, Ndank Ndank elkarteak, batetik, kulturartekotasunaren aberastasuna transmititu nahi du elementu horien fusioaren bidez. Gainera, ehun koloretsuen bidez, gizarteari "komunitate afrikarraren poza" ekarri nahi diote.

Horrez gain, proiektuak badu elkartasunetik, jantzietatik lortzen diren etekinak Senegalgo Dionewar herrian abian dauden proiektuetara bideratuko dira; hain zuzen ere, dagoeneko martxan dagoen kultura jardueretarako eraikinaren proiektua indartzeko baliatuko dute dirua.

Ndank Ndank elkartea: "Oso eskertuta gaude herritarrek izan duten erantzunarekin"

Maiatzaren 21an jarri zituzten salgai bigarren bildumako jantziak, eta harrera "izugarri ona" izan dela diote: "Internet bidezko salmenta jarri genuen martxan eta egun baten bakarrik sekulako salmentak izan genituen. Oso eskertuta gaude herritarrek izan duten erantzunarekin".

Eskerrak Udalari eta kooperatibei

Bilduma berria ezagutzera emateko, Ndank Ndank elkarteko kideek eta boluntarioek The Badass Project argazkilari bergararrek gidatutako argazki saio bat egin zuten: "Oso pozik gaude argazkien estetikarekin". Honako webgune honetan kontsulta daiteke bilduma berria: www.ndankndank.org. Amaitzeko, eskualdeko kooperatibei eta Udalari eskerrak eman dizkiete, proiektu horretarako eta beste batzuetarako emandako laguntza ekonomikoagatik.

Kultura jardueretarako eraikinaren proiektua indartzeko baliatuko dute dirua.

Oxirondoko azokan, maiatzaren 28an eta ekainaren 4an

Internet bidezko salmenta espero baino askoz hobeto joan da, baina bilduma berriko stocka ez da oraindik agortu. Horregatik, aurrez aurreko salmentarako bi egun zehaztu dituzte: Oxirondoko azokan egongo dira gaur eta hurrengo egubakoitzean, ekainak 4, 17:30etik 19:30era: "Jantziak probatzeko eta erosteko aukera egongo da bertan. Zatoz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak