Beart-eko artisten 65 margolan Miguel Altunako paretei kolorea emateko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mai. 13a, 17:25

Miguel Altuna Lanbide Heziketak eta Beart elkarteak hamar urterako hitzarmena sinatu zuten atzo ikastetxeko paretak askotariko 65 koadrorekin apaintzeko; 49 margolan txiki eta gutxienez metro bateko zabalera duten 16 koadro handi jarri dituzte egoitza barruan.

Miguel Altuna Lanbide Heziketak eta Beart elkarteak hamar urterako hitzarmena sinatu dute. Bearteko ia 50 artistak egindako 65 margolan jaso ditu Miguel Altunak; zabaleran gutxienez metro bat duten 16 koadro handi eta 40x40 zentimetroko 49 artelan txiki. Hamar urte barru, lanok zein egoeratan dauden ikusiko dute eta erabakiko dute hitzarmena luzatu edo ez.

Bearteko presidente Karlos Galarraga eta Miguel Altunako zuzendari Joxu Arana, hitzarmena sinatzen.

Simon Arrieta zenaren tailerra

Bearteko artistetako batzuk Miguel Altunako ikasle edo irakasle izandakoak dira, baina zentroak berak hasieratik izan du lotura artearekin, Joxu Aranak gogoratu duenez: "Ikastetxea sortu zenean, duela 93 urte, izena zen Escuela de artes y oficios, eta gero pasatu zen eskola profesionala izatera. Simon Arrietak bere pinturako tailerra elementalaren eraikin zaharrean izan zuen. Esan dezakegu, beraz, betidanik egon dela sintonia bat Bergarako artisten eta Miguel Altunaren artean". Lorenzo Askasibar eskultoreak ere tailerra elemental zaharrean izan zuen garai baten.

Hainbat koadro txiki Miguel Altunako eraikin nagusiko pasilloan.

Beart: 2020an 25 urte bete zituen

Bearteko ia 50 artistak egindako 65 margolan jaso ditu Miguel Altunak; zabaleran gutxienez metro bat duten 16 koadro eta 40x40 zentimetroko 49 artelan txiki.

Koadro horiek ez dira Miguel Altunarako propio margotu, baina elkartean eta artisten etxetako ganbaretan hautsa hartzen baino zer hobeto horrenbeste ikasle dituen zentro baten ikusgai egotea baino; eraikin nagusiko bi solairutan ikus daitezke koadroak, pasilloetan eta beste zenbait gelatan.

Bestalde, Bearteko presidente Karlos Galarragak gogoratu duenez, 2020an 25 urte bete zituen elkarteak, baina pandemiak ez die utzi urteurrena ospatzen: "Mugimendu handia dago elkartean, Bergaran beti egon da-eta tradizio handia. Arte diziplina berriak ere badira eta, beraz, etorkizuna ziurtatuta dago".

Pozik hitzarmena sinatu izanarekin?

Joxu Arana: "Harro gaude artelanok gurean ikusgai izateaz"

"Bestelako hitzarmen bat da, honako hau ez da ikasleei begira enpresekin sinatu izan diren horietako bat. Beartekin sinatu dugu, euren margolanek gure egoitzako pareta zuriak kolorezta ditzaten; harro gaude artelan horiek gurean izateaz, eta badakigu ikasleen artean ere oso harrera ona izan duela. Bearten ere erantzun ona izan zuen gure proposamenak; gainera, artelanak utzi dizkiguten artista batzuk gure ikasle edo irakasle izandakoak dira. Badirudi oraindik ere estimatzen gaituztela...". 

Karlos Galarraga: "Pozik hartu dugu, pareta asko genuen betetzeko..." 

"Hasieratik harrera oso ona izan zuen elkarteko artisten artean, oso pozik hartu dute. 80 bat bazkide izango gara Bearten, eta kalitate aldetik ez dugu bereizketarik egiten; hasiberria denari eta bizitza osoa pintatzen ari den artistari tratamendu bera ematen diogu, denok gara bazkideak. Hala, hamasei koadro handi eta 49 txiki eman ditugu eta baldintza bakarra izan da koadro handien zabalera gutxienez metro batekoa izatea. Miguel Altunan pareta asko genuen-eta betetzeko...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak