Turismo jasangarria sustatzeko plana, "udarako"

Hasier Larrea 2021ko mai. 14a, 15:11

Hotel, landetxe, jatetxe eta turismo zerbitzua eskaintzen duten enpresekin elkarlanean ari da Udala, "turismoaren sektorearen ere estrategia global bat finkatzeko". Bergarako turismo eremuaren diagnostikoa egin eta ekintza-plan bat diseinatuko dute, 2022 eta 2025 urteen artean garatzeko.

2009an, Bergarako Udalak Bergarako ondare kulturalaren interpretazio eta dinamizazio plan baten erredakzioa kontratatu zion Stoa enpresari. Ondare historiko eta kulturala, eta batez ere, hezkuntza ondarea eta ondare zientifikoaren balioak nabarmentzen zituen horrek. Proposamen horretan hainbat ekimen aurreikusten ziren: "Denboraren poderioz horietako asko gauzatu diren arren, turismoaren gaian hobekuntzan egin behar direla" ondorioztatu du Udal gobernuak, eta estrategia global bat egiteko premia identifikatu du.

Iaz jaso zuen Bergarako Udal gobernuak legealdirako planean turismo plan berria egiteko puntua. Aurkeztu ziren eskaintzen artean, Gasteizko Beinke enpresari esleitu
zitzaion kontratua, eta otsailaren hasieran bost fasez osatutako plana idazten hasi zen. Plan horren helburua  "Bergarako turismo eremuaren diagnostikoa egitea da, turismo jasangarriaren ikuspegitik; horrek ezarriko du turismo plangintzaren abiapuntua ".

Diagnostikoa abiapuntu hartuta, helburu eta ildo estrategikoak zehaztuko dira, eta baita adostutako helburuak lortzeko egin beharko den ekintza plana ere. Ekintza plan hori 2022-2025 urteetarako izango da. Lehen bi faseetan udalerriaren turismo ibilbidea aztertu eta datuak bildu dira hainbat instituzioetatik eta estatistika iturrietatik.

Topaketa bat egin dute, eta beste bi egingo dituzte

Prozesu hori, hotel, landetxe, jatetxe eta turismo zerbitzu enpresekin partekatuko du Udalak: "Bergarako turismo arloko enpresen zerrenda identifikatu ondoren, galdetegia bidali zitzaien; ondoren topaketa bat egin genuen haiekin, apirilaren amaieran". Topaketa horretan AMIA aztertu dute elkarrekin.

Bileran ateratako emaitzak aztertu eta sailkatu ondoren, beste bi topaketa egingo dituzte: "Lehena lan-taldearekin formulazio estrategiko, jarduera programen ardatzen zirriborroa lantzeko eta adosteko, eta azkena 2022-2025 urteetarako ekintza-planaren zirriborroa lantzeko eta adosteko".

Plana aurkeztea izango da indarrean jarri aurretik egingo den azken urratsa, eta aurreikusten dute udarako lana amaituta egotea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak