Zerbitzua hobetzeko asmoz, ludoteken hausnarketa prozesua martxan

Jone Olabarria 2021ko mai. 5a, 19:04

Datozen asteetan hasiko dira prozesua garatzen, eta ekainerako amaituta izatea aurreikusten dute Udaletik.

Hiru ludoteka daude, gaur gaurkoz, Bergaran: Angiozarren, Osintxu eta Oxirondon. Udaletik azaldu dutenez, Angizozarko eta Osintxuko auzoetako ia ume guztiek erabiltzen dituzte bertako ludoteketako zerbitzuak, ez aldiz Oxirondoko ludotekakoa.

Eskaintza egokitzeko

Ekaitz Aranberri zinegotziaren esanetan, bertara hurbiltzen den haurren perfilaren gehiengoa guraso etorkinen seme-alabak dira: "Hau honela izanda, ez da kulturartekotasuna eta integrazioa lantzeko espazio egoki bat. Euskararen erabilera sustatzeko ere zailtasunak izaten ditugu, ondorioz, zerbitzuari jarritako helburuetako batzuk ez dira une honetan behar bezala betetzen ari".

Egoerari aurre egiteko, maiatzean partaidetza prozesu bat gauzatuko da herriko gura-soekin, haurrak ludotekan izenik ez emateko arrazoiak ezagutzeko. Zehaztu dutenez, bilera bana egingo da ludotekako erabiltzaile diren guraso eta umeekin eta ludotekako erabiltzaileak ez diren gurasoekin. Prozesua ekaina erdialderako amaitzea aurreikusten dute.

"Etorkizunerako urratsak definitzea"

Zerbitzua ez erabiltzearen arrazoiak ezagututa eskaintza egokitzea aztertuko dutela azaldu dute, helburua Bergarako haur guztiek kalitatezko aisialdiaz gozatzeko aukera izan dezaten dela zehaztuz. Gogorarazi dute Ludoteka jolasa oinarri hartuta aisialdiaz modu hezitzaile batean gozatzeko zerbitzua dela, eta Udalaren asmoa gurasoekin, ludotekaren inguruko hausnarketa partekatzea dela, "guztion artean etorkizunera begira eman beharreko urratsak definitzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak