Maiatzaren Leheneko aldarrikapenak ozen entzun dira Bergaran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mai. 3a, 12:43

Maiatzaren Leheneko aldarrikapenak ozen entzun ziren zapatuan Bergaran. Pandemia betean eta itxiera perimetrala indarrean egonda, bi manifestazio egin ziren eta biak izan ziren jendetsuak. 

Bergarako Greba Asanbladak deitutako mobilizazioan askotariko aldarrikapenek egin zuten bat. Iaz, itxialdiak eraginda, ezin izan ziren kalean mobilizazioak antolatu eta aurten, pandemiara egokituta ere, indartsu bueltatu da kalera langileen eskubideen aldeko aldarria. Deialdi bateratu moduan aurkeztu dute aurten eta hori ulertzeko 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin lotzea ezinbestekoa da. 

ELA, LAB eta ESK sindikatuak, Martxanterak, pentsiodunak, Ernai, Ikama, Gure Artera, Xaxau konpartsa, eta tabernari zein ostalariak izan ziren, besteak beste,  deialdi horrekin bat egin zutenak. Askotariko aldarrikapenak, manifestazioan bertan irudikatu zituztenak, baina antolatzaileek diotenez "erabat bateragarriak" direnak.  

Gazte Kontseilu Sozialistaren manifestazioa

Bestalde, Gazte Kontseilu Sozialista Deba Bailara taldeak ere manifestazioa deitu zuen, Aberri Egunetik zetorren egitarauko azken ekitaldi moduan. Apirilaren 4tik zapatura bitartean antolatu dituzten ekitaldiak Klase gorrotoa antolatu leloaren barruan kokatu dute.  

Herritar asko elkartu zituen kontseilu sozialistaren mobilizazio horrek ere. Aberri Egunetik Maiatzaren Lehenaren bitartean antolatuko hiru ekitaldiekin eta zapatuko manifestazioarekin pozik daude antolatzaileak; hemendik aurrera ere "egunerokoan lanean" jarraitzeko konpromisoa agertu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak