Ortu komunitarioetarako partaidetza prozesua, eztabaida iturri

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko api. 27a, 13:12

Bihar, apirilak 28, abiatuko da Bergaran ortu komunitarioak jartzeko partaidetza prozesua eta hori bera izan zen atzoko osoko bilkuran eztabaida gehien eragin zuen gaia. EH Bilduren eta EAJren artean partaidetza prozesuak ulertzeko moduetan desadostasun handiak daudela agerian geratu zen, beste behin, atzoko bilkuran.

Pandemiaren eraginez oraindik ere semi-presentziala izan zen osoko bilkura Martin Etxanizen kargu hartzearekin hasi zen atzo. Elena Lete ordezkatu du Etxanizek eta "legeak hala behartuta" formula erabili zuen EAJko zinegotzi moduan zin egiteko; GOIENAko kameren aurrean esan zuenez, onena ematera dator: "Azken bi urteetan lanean aritu naiz udal taldearekin eta orain, hemendik aurrera, buru-belarri arituko naiz. Saiatuko gara onena ematen, beti bezala".

EAJko zinegotzi izendatu berri Martin Etxaniz, atzoko osoko bilkuraren amaieran; Elena Lete ordezkatu du Etxanizek.

Hain zuzen ere, alkateen jakinarazpenen tartea aprobetxatu zuen Gorka Artolak Etxanizi ongi etorria emateko. 

Edukiez baino gehiago, prozeduraz eztabaidatzen

Bestalde, eztabaida politikoa, beste behin ere, prozedurak edota abiatzeke dauden proiektuen gaineko prozesuek eragin zuten hein handi baten. Ortu komunitarioen proiektua abiatzeko biharko, apirilak 28, Udal Gobernuak deitu duen bilera irekiaren bueltan EAJk partaidetza prozesu hori nola definituta dagoen galdetu zuen. Hor piztu zen eztabaida, EH Bilduk gogora ekarri zuelako duela hilabete jakinarazi zietela prozesua abiatuko zutela eta atzoko osoko bilkurara arte ez dutela jeltzaleen partetik inongo ekarpenik jaso. EAJk dio jakinaraztea ez dela elkarlana sustatzea eta EH Bilduri ezin zaiola ahaztu eurena dela Gobernua eta, beraz, lidergoa. 

Ortu komunitarioen helburuak, kokapena eta bestelakoak zehaztuko ditu prozesuak, Gobernuaren arabera. Gogora ekarri behar da Boluko lurjausiaren ingurua eta San Joxepe gaineko belardia direla ortuotarako kokapen posibleak baina, esandako moduan, interesdunei entzun nahi zaie hori ere erabakitzeko. Bilera irekia bihar, apirilak 28, egingo dute, UNEDen (18:00).

Otsoen populazioaren gaineko mozioa

Bestalde, EHNE eta ENBA sindikatuek mendiko abeltzaintzarentzat “oso kaltegarria” izan daitekeen otsoen hedapena mugatzea eskatzen duen mozioak ere eztabaida eragin zuen. Sindikatuen mozioari mozio alternatibo bana aurkeztu zieten EH Bilduk, batetik, eta EAJk eta alderdi sozialistak, bestetik. EH Bildurenak egin zuen aurrera eta puntu horretan ere edukietan baino prozeduretan zentratu zen eztabaida. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak