Aurkeztu dute 'Bergara 2030 egin herrixa' planaren "oinarri" izango den diagnostikoa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko api. 21a, 10:18

Besteak beste, ingurumenaren, mugikortasunaren, soldata arrakalaren, herriko balio erantsi gordinaren eta euskararen erabileraren gaineko datuak eman zituzten. Datu aipagarrien artean dago, esaterako, Bergara barruko desplazamenduen %70 ibilgailu motordun pribatuan egiten dela. "Garapen jasangarriaren ikuspegitik bai ala bai hobetu beharra dugu", dio herritarren arloko arduradun-zinegotzi Ekaitz Aranberrik.

Gorka Artola alkateak honako hitz hauekin azaldu zuen Bergara 2030 egin herrixa planaren helburua, ekimena martxo hasieran aurkeztu zutenean: "2030eko Bergara herritarron artean nolakoa izatea nahi dugun adosteko jarri dugu martxan. Denon artean etorkizuneko herria diseinatuko dugu eta prozesu parte-hartzailearen bitartez herria, komunitatea egingo dugu".

"Tempus politikoetatik harago"

Atzo aurkeztu zuten lehen diagnostikoa herritarren aurrean, Seminarixotik, streaming bidez jarraitu ahal izan zen ekitaldian. Herritarren arloko arduradun Ekaitz Aranberri zinegotziaren arabera, "oinarri sendoa" jarri du Udal Gobernuak diagnostiko hori egitean: "Etorkizuneko gure herriaren diseinua berau osatzen dugunon artean partekatutakoa izan behar da. Tempus politikoetatik haragokoa behar du izan, epe luzerako proiektuak behar bezala gauza daitezen, bidean hausturarik eman gabe agintaldi aldaketetan. Guztion proiektua izatea nahi dugu eta herritarrak eta eragileak gonbidatu nahi ditugu".

Beste era batera mugitu beharra

Izadi 21 aholkularitza enpresa izan da diagnostikoa egin duena, askotariko arloak aintzat hartuta. Mugikortasunari eta irisgarritasunari dagokionez, Udal Gobernuak mugikortasun diagnostikoa osatu zuen 2019an eta Mugikortasun Plana egiteko lanean dabil. Datuei erreparatuz, kanpoko mugikortasun globalean, %70 garraio motordun pribatuan egiten da eta garraio publikoa herritarren %25 inguruk erabiltzen dute. Herri barruko lekualdatzeen %66 ibilgailu pribatuz egiten dira eta bizikletaren erabilera "txikia" dela adierazi zuten atzoko aurkezpenean, besteak beste.

Hainbat auto Ibargarain; bizikleta gutxi erabiltzen da eta garraio publikoa bergararren %25 inguruk erabiltzen dute.

Ingurumenaren kalitateari dagokionez, iazko udan airearen kalitatea neurtzeko sistema bat ezarri zuen Udalak herrian. Asmoa da neurketa-tresnen sare bat sortzea Bergaran, auzo eta gune zehatzen neurketak egin ahal izateko. Ingurumenarekin lotuta, hondakinen gaian, Bergarako birziklapen tasa %81,2ra iritsi zen 2019an. 2014an "gorakada nabarmena" izan zuen gaika bildutako hondakin-kopuruak; batez ere, etxeko hondakin organikoen bilketari esker. Konpost-programan herriko 605 familia ari dira parte hartzen.

Bestelako datu esanguratsu batzuk ere eman zituzten atzoko aurkezpenean: errenta jasotzerakoan genero arrakala "nabarmena" dela, oraindik ere emakumezkoen urteko soldatak gizonezkoenekiko 11.000 euro txikiagoa delako, batez beste; 50 urte baino gehiagoko familia etxebizitza-kopuruak pixkanaka gorantz egin duela, 2001 eta 2019 urteen bitartean %13 hazi delako, harik eta %44ra iritsi arte; Bergaran industriaren sektoreak zerbitzuen sektorearekin batera duen eragina azpimarragarria dela, Bergarako Balio Erantsi Gordinaren %47 hartzen du eta; eta euskarari dagokionez, bergararren %39k "bakarrik" egiten dute euskaraz etxean. Herritarren ia %70 euskalduna dela kontuan izanik, zer hobetu badago.

"Lehentasunezko jarduera arloak" antzemanda, beste bilera ireki bi antolatuko dituzte

"Lehentasunezko jarduera arloak"

Udal Gobernuaren arabera, diagnostikoari eta herritarrekin izandako elkarrizketa saioei esker "lehentasunezko jarduera arloak" antzeman dituzte, eta hortik abiatuta gorpuztuko dute plana bera. Herritarrekin beste bi bilera ireki egingo dira, oraindik zehazteke dauden datetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak