EAJren ustez plan estrategikoa diseinatzeko eta prozesuak arrakasta izateko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztien adostasuna "ezinbestekoa" da: "Horretarako, EAJk hainbat ekarpen mahai gaineratu zituen, baina tamalez ez dira aintzat hartu", dio Agirrek.
EAJk salatu du, Izadi 21 aholkularitza enpresak emandako datuen arabera, diagnostiko hori garatzeko 77 elkarrizketa garatu direla eta online bidezko inkesta 106 pertsonak bete dutela, gehienak 18 urtetik beherakoak izanda: "Gure ustez biztanleriaren %1,25eko parte hartzea ez da nahikoa Bergararen benetako egoera zen den jakiteko", esan du Agirrek.
Honako hau ere gaineratu du Agirrek: "Bestalde, plan estrategikoaren diseinu osoa parte hartze prozesuan oinarritzen da, eta hau ezinezkoa da. Bergararen 2030ko plan estrategikoaren diseinuak beste hainbat atal landu eta kontuan hartu behar ditu, esaterako, egungo ikerketa sozioekonomikoa. Izan ere, bizi dugun osasun larrialdi egoerak erabat aldatu du gizarte osoaren egoera eta ezagutu beharra dago".
Alkateari ere galdera zuzendu dio: "Bizi dugun egoera kontuan izanda, eta COVID-19ak eraginda positibo kopuruaren goranzkoa ikusita, orain da momentua lanketa sakon bat exijitzen duen parte hartze prozesu bat hasteko?".
EAJren udal taldearen ustez etorkizuneko gaiak, epe luzerako gaiak lantzeko "ezinbestekoa" da alderdi ezberdinen arteko adostasuna eta elkarlana: "Eta hori lortzeko ezinbestekoa da eskuzabala izatea eta benetako elkarlanean sinistea. Bergararen etorkizuna ezin dugu nolanahi zehaztu".