Jesus Mari Lazkanok erakusketa irekiko du ostiralean Aroztegin

Hasier Larrea 2021ko api. 13a, 19:14

Margolari bergararrak 2013tik 2020ra bitarteko lanak erakutsiko ditu  'Lazkano. Bitakora koadernoa' izeneko erakusketan. Naturako paisaiak izango dira guztiak: itsasoa, mendi elurtuak eta 2017an Artikora egindako espedizioan jasotakoak. Apirilaren 16tik maiatzaren 23ra arte bisitatu ahalko da. 'Artiko' filma ere egongo da ikusgai Seminarixoan, maiatzaren 14an.

Azken zortzi urteetan mihise, oihal eta paper gainean egindako artelanak erakutsiko ditu Jesus Mari Lazkano margolari bergararrak bere jaioterrian, Aroztegi aretoan. Inaugurazioa ostiral honetan izango da, hilak 16, arratsaldeko seietan, eta bertan egongo dira margolaria bera, Irune Lazkano erakusketaren komisarioa eta Gorka Artola alkatea. Lazkano. Bitakora koadernoa erakusketako koadroak ikusteko aukera maiatzaren 23rarte  egongo da, honako ordutegiarekin:

  • Martitzenetik barikura, 18:00etatik 20:30eara.
  • Zapatutan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30eara.
  • Domeketan, 12:00etatik 14:00etara.

'Artiko' filma, Seminarixoan

Duela hilabete batzuk estreinatu zuen Lazkanok Josu Venerorekin batera Artiko filma, Xabi Paya bertsolariaren testu eta ahotsarekin. Film hori ere ikusgai izango da Bergarako Seminarixoa aretoan 14an, ostirala, 19:00etan hasita, eta margolariak berak aurkeztuko du filma. Sarrera debalde izango den arren, aurrez eskuratu beharko da apirilaren 15etik aurrera www.seminarixoa.eus helbidean edo Seminarixoko leihatilan, apirilaren 15etik aurrera, 18:00-20:00ak bitartean, edo ohiko leihatila egun eta
orduetan.

Sona handiko margolaria

Jesus Mari Lazkano Bergaran jaio zen 1960an, eta gaur egun Urdaibain bizi eta bertan lan egiten du. EHUko Arte Ederretan lizentziatua eta doktorea da, Jakiunde akademiko jakitun ere bai –Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademia–, eta Europako, Estatu Batuetako eta Asiako hainbat herrialdetan erakutsi izan ditu bere lanak.

Bergarako Udalak margolariaren ibilbidea jarri nahi izan du balioan: "Nahiz eta urteak eraman naturan zentratuta, New Yorken, Chicagon, Dallasen edo Erroman egindako egonaldiek hainbat gaikako serietan egituratu dute bere lana. Neurri handiko lanak egin ditu espazio publikoetan, besteak beste, Eusko Legebiltzarrean, Euskalduna jauregian, Bilbao Metroan, San Mameseko trukagailuan, EHUko Areto Nagusian edo Iberdrolako dorrean, eta baita Shanghaiko Erakusketa Unibertsalean ere, besteak beste".

Margolariak Gure Artea saria jaso zuen 1985ean, eta  Titanio saria 2007an. Banakako erakusketa bat aurkeztu zuen Bilboko Guggenheim museoan, baita Bilboko Arte
Ederren museoan ere. Txinan hainbat erakusketa egin ondoren, 2016. urtean Donostiako Kursaaleko Kubo aretoan bere azken 40 urteetako lanaren atzera begirakoa antolatu zuen.

Gainera, bere ondarea hainbat herrialdetako bilduma eta museotan dago, adibidez, Guggenheim Bilbao museoan. 2017an Artikora egindako espedizio zientifiko-artistiko batean parte hartu zuen, New York The Arctic Circle fundazioak antolatua. NEREA argitaletxeak monografia zabala argitaratu du, egilearen testuekin eta pinturaren osagai kontzeptualean sakonduz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak