'Artiko' film laburrak, ibilbide oparoa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko ira. 1a, 21:56

'Artiko' dokumentatalaren une bat, Lazkanoren margolana. Argazkia: Jesus Mari Lazkano.

Jesus Mari Lazkano margolari bergararrak eta Josu Venero zinegileak zuzendari onaren saria jaso berri dute Poloniako mendi jaialdi batean; nazioarteko jaialdi askotan izan da dagoeneko.

Margoak eta koadernoak bidaia guztietara eramateko ohitura dauka Jesus Mari Lazkano margolariak (Bergara, 1960), eta hala egin zuen 2017ko ekainean Artikoko Svaldard artxipelagora abiatu zenean ere. Hilabete egin zuen hiru makiladun belaontzi "handi eta ederrean", Ameriketako Estatu Batuetako Artic Circle Fundazioak sortu zuen espedizio "bitxian".

Itzuli zenean, han bizitako esperientzia "ikaragarria" eta jasotako material "aberatsa" margoekin bakarrik adierazi eta erakustea zaila zela ikusita, film labur bat egitea pentsatu zuen, eta elkarrekin egitea proposatu zien askotan bidelagun duen Josu Venero zinegileari eta Xabi Paya bertsolari eta lagunari; hala jaio zen Artiko filma.

Artikoaz aspaldi maiteminduta

Orain dela urte batzuk, New Yorken bizi zela piztu zitzaion Artikorekiko ardura Lazkanori: "Unibertsitatean egiten nuen lan, eta han, ingurumena eta lurra aztertzen duten Earth Instituted-eko zientzialari bat ezagutu nuen; glaziarren egoera aztertzen ditu eta dokumental gogor bat erakutsi zidan hark; harrezkero, Artikori ardura gehiagorekin begiratzen diot".

ARTIKON EGINDAKO MARRAZKIEKIN ETA BIDEOEKIN SORTU DUTE LAZKANOK, VENEROK ETA PAYAK 'ARTIKO'

AEBetara egin zuen hurrengo bidaian, dio "kasualitatez" egin zuela topo Artic Circle Fundazioarekin, eta handik gutxira euren espedizioko kide izateko aukera eskaini ziotela: "Mundu osoko eta askotariko profiletako jendea batu zuten: margolariak, koreografoak, zinegileak, performance egileak, ilustratzaileak eta argazkilariak, eta baita lau zientzialari ere: neurologoa eta biologoa, horien artean. Bakoitzak bere lana zuen, eta nirea hango paisaiak jasotzea zen. Oso interesgarria eta intentsua izan zen bidaia; kostaldean egon ginen, batez ere, baina barrurago ere sartu ginen. Zeharo ezberdina zen egunero, bai kolorea, glaziarrak, horizontea, mendiak... Solstizio garaian joan ginen; hortaz, ia egun osoan argia genuen. "Gauetako orduetan", bidaiatu egiten genuen, eta "egunez", toki ezberdinetan geratzen ginen, itsasontzitik jaitsi eta bakoitzak bere lanak egiteko".

Artikoko askotariko paisaiak margotu ditu Lzkanok. Argazkia: Jesus Mari Lazkano.

Paisaia "harrapaezina"

Bidaia-koadernoak oso gustuko ditu eta horietan jaso zituen Artikoko paisaien marrazkiak, itzulitakoan tailerrean beste medio edo neurri batzuetara pasatzeko asmoz.

Arkatzak, argizarizkoak, akuarelak eta pastelak erabilita, bidaian zehar 100 marrazki inguru egin zituen. "Batzuk marra azkarrekin egindakoak dira, ideiak eta zirriborroak, eta landuagoak beste batzuk. Koadernoetako ideiekin 23 pieza egin nituen geroago, Bilboko grabatu feria baterako".Artiko paisaiak marrazkietan "harrapatzeko" ikaragarri politak eta, aldi berean, zailak direla dio Lazkanok: "Paisaia oso indartsua da eta hartu ezin duzun eskala bat dauka. Dena zuria dela dirudien arren, zuri horrek mila ñabardura ditu, eta uraren kolorea ere aldakorra da; duen izotzaren arabera, kolore ezberdinak hartzen ditu".

Jesus Mari Lazkano Bergarako margolaria. Argazkia: Mendi Film Festival.

Kimuak-ekin eta Mendi Film Festival-arekin, nazioartean

Hego Koreako Ulju Mountain Film Festivalean estreinatu zuten filma nazioartean, 2019ko irailean, eta, Bilboko ZINEBIn egin zuen bertako estreinaldia. "Abenduan BBK Mendi Film festibalean euskarazko film onenaren saria eskuratu zuen eta mundu osoko hainbat jaialditan hartu du parte, besteak beste, Mexikoko Festival Internacional de Cine en Guadalajara, EEBBetako Hot Springs Documentary Film Festival, Bulgariako In the Palace eta Greziako Thess International Short Film Festival ospetsuetan. Ibilbide polita egiten ari da, eta oraindik ere hilabete batzuetako banaketa dauka aurretik", azaldu du Esther Caberok, Kimuak programako arduradunetako batek.

Bilboko mendi jaialdiak euren lehiaketako sariaz gainera, aukera eman dio Artiko-ri nazioarteko jaialdi askotara hurbiltzeko; eta, hala jaso berri dute, Lazkanok eta Venerok, Zine Zuzendari Onenaren saria, Poloniako mendi jaialdi batean.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak