Askotariko mezu eraikitzaileak jaso dituzte Ipintza futbol eremuko hormetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko api. 7a, 19:30

Bizikidetza, kiroltasuna, euskara eta emozioen kudeaketa sustatu nahi dituzte BKE-n, eta helburu horri forma emateko Gozatuz jokatu proiektua abiarazi dute. Elkarteko ehun bat lagunek hartu dute parte atzo eta gaur artean egindako dinamikan. Balore horien inguruan gogoeta egin eta emaitza horma irudietan jaso dute.

Aspaldiko partez Ipintza futbol zelaira gerturatzerik izan ez dutenek sorpresa polita hartuko dute hurrengo bertaratzen direnean; izan ere, askotariko mezuz, margolanez eta kolore biziz apainduta aurkituko dituzte bertako hormak eta txokoak.

Futbolean egitera edo futbola ikustera gerturatu ohi dira elkarteko kideak instalazioetara, baina atzo eta gaur bestelako zereginetan ibili dira buru belarri.

Gozatuz jokatu izeneko proiektua dago honen guztiaren atzean, eta adin guztietako kideak elkartu ditu dinamikak. Futbol eskolako kideetatik hasi eta lehenengo talderainoko jokalariak, hain zuzen ere. "Denei luzatu diegu gonbidapena eta erantzun oso ona jaso dugu. Talde guztietatik etorri da jende. Ehun lagun pasa, tartean gurasoak ere bai", esan du BKE-ko kide eta Gozatuz jokatu ekimeneko koordinatzaile Mikel Larrañaga Burgañak.

Oinarrizko lau balore horma irudietan

Bizikidetza, kiroltasuna, euskara eta emozioen kudeaketa dira Bergara Kirol Elkartean oinarrizkotzat jotzen dituzten lau baloreak. Horiek landu eta sustatu nahi dituzte futbolaren bitartez, eta horien inguruko gogoeta izan da egunotako dinamikaren oinarrian. "Gozatuz jokatu baloreen proiektua da, eta horien inguruko lanketan ari gara. Urteak aurrera badoaz ere ez dugu ahaztu behar nondik gatozen eta nora goazen, eta bada hausnarketarako gaia. Azken finean, kirol elkartearen nortasuna eraikitzeko markoaren barruan sartu behar da ekimena", azaldu du Larrañagak.

Bai atzo bai gaur taldetan antolatuta ekin diote dinamikari BKE-koek. Lau baloreen inguruan gogoeta txiki bat egin eta emaitza hormetan margotzea izan da ekintzaren xedea. "Horma da gure jokalariek eta entrenatzaileek landutakoaren isla. Landutako hori presente edukitzeko eta lantzen jarraitzeko bidea ere bada", zehaztu du Larrañagak.

Auzolanean

Kluba osatzen duten partaide guztien arteko auzolana izan da ekimena. Hainbat txokotan banatu dute bi futbol zelaien eremua eta txandaka txoko guztietatik igaro dira parte-hartzaileak. Askotariko mezuak gelditu dira jasota, hala nola Ongi etorri Ipintzara, Batera indartsuauak ga!, Danak ez dau balio irabazteko, Euskaraz bizi nahi dugu, Errespetua, Berdintasuna, Enpatia, Bakarrik jun ezkero azkarrau ailegauko za, danok batera urrinago helduko ga!...

Esku askok hartu dute parte ekimenean, eta hori zen xedea, baina horma irudiak egiten arituagoak direnen laguntza ere izan dute BKE-koek Txokoetako batean aritu dira, esaterako, Jon Leibar eta Iñaki Aldazabal. Maddi Larrañagaren, June Odriozolaren eta Lexeia Rocherren esku-hartzea ere garrantzitsua izan da. Hainbat horma-irudiri forma emateko ezinbestekoak izan dira. "Bergararrak dira eta gertukoak. Beraiek ere honen parte izatea nahi genuen", azaldu du Larrañagak.

Erlazionatuak

'Gozatuz jokatu' ekimena BKE-k, Ipintzan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021 api 07 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak