Ekintzaz beteta dator aurtengo 'Apirilean musika' musikaldia

Maialen Santos 2021ko api. 11a, 17:17

Apirilean Musikaren XVII. edizioa antolatu dute Bergarako Musika eta Dantza Eskolatik. 25 ekintza ezberdin eramango dituzte aurrera apirilaren 16tik 28ra bitartean, eta horien artean izango dira, besteak beste, ikastaroak, emanaldiak, hitzaldiak edota ipuin musikatuak. Ikasle eta gurasoei ez ezik, herritarrei zuzendutako ekintzak izango dira asko. 

Marije Ugalde Musika Eskolako zuzendariak azaldu du "zalantzak" izan dituztela musikaldia antolatzerako orduan, "osasun krisiak baldintzatutako egoera aldakorra bizi dugulako". Hala eta guztiz ere, gehitu du ikasturte osoa daramatzatela lanean, eta horregatik erabaki dutela aurrera egitea: "Garbi daukagu ikasleen formakuntzan oso garrantzitsua dela egiten duguna plazaratzea, izan ere, uste dugu musika partekatzekoa dela". 

Apirilaren 16an ekingo diote zikloari, eta hain justu, Musika Eskolako orkestra sinfonikoak Musikeneko Meraki soka laukotearekin partekatuko du kontzertua, Seminarixoan. Musika Kalean ere ez da falta izango, baina, aurten, neurri bereziekin aritu beharko dira. Hala, segurtasun neurriak beteta, Seminarixoko karpan izango da ikasleen emanaldiez gozatzeko aukera, apirilaren 16an eta 22an. 

Ikastaro eta hitzaldiak ere bai

Apirilean Musikaren baitan ikastaro eta hitzaldiak ere antolatu dituzte; hala nola, inprobisazio tailerra orkestrako kideentzat, gorputza eta mugimendua lantzeko saioa, musikoterapiari buruzko hitzaldia edota ahotsaren garrantzia lantzeko ikastaroa. David Azurza musikari eta ahotsaren pedagogian adituak eskainiko du azken hori, eta adierazi du ahotsari lotutako guztiak landuko dituztela: "Haur eta gazteen ahotsen kasuan garrantzitsua da jakitea nola murgildu ahotsaren kontzientzia hartzen; Bergaran haur eta gazte abesbatzek laguntzen dute horretan". Bere hitzetan, ahotsa da norberak duen instrumenturik garrantzitsuena, "denok daramagulako barruan, eta hori menperatzea garrantzitsua da". 

Horretaz gain, Musika Eskolako ikasleek emanaldi ugari eskainiko dituzte Apirilean Musikak irauten duen bitartean. Seminarixoan egingo dituzte gehienak, eta ikustera joateko gonbidapenak hartu beharko dira aurrez, Musika Eskolara deituta edota idazkaritza@bme.e.telefonica.net helbidera mezu bat idatzita. 

Stoltz organoan oinarritutako ipuina

Herriko San Pedro elizan dagoen Stoltz-Frères organoaren bueltako ipuin musikatua ere antolatu dute. Ugaldek azaldu du iazko ediziorako prestatu zuela gidoia, eta bere horretan mantendu duela aurtengorako: "Herrian daukagun ondare baliotsua da organoa: egoera txarrean dago eta konponketa behar duela jakinarazi gura genien ikasleei. Horregatik sortu nuen ipuina". Gaineratu du gidoia egiterakoan "kezkatzen" zuten gaiak kontuan hartu zituela; esaterako, denden desagerpenak, teknologia gailuen erabilera, harreman sozialen eraldaketa... "Pandemiaren eraginez, hori guztia bizi izan genuen iaz, eta mezua bizirik mantendu denez, gidoia bere horretan uztea erabaki dut", aitortu du. Hori ez da izango ipuin musikatu bakarra: Baltasar Sagutxoa eta Pentagrama Eneaz gozatzeko aukera ere izango baita. 

Operak ere izango du tartea musikaldian; hain justu, Turandot operaren proiekzioa egingo baitute hilaren 17an, Seminarixoan. Ate ireki birtualak ere egingo dituzte, ikasleek Musika Eskola bera eta instrumentu guztiak "gertutik" ezagutzeko aukera izan dezaten. Hilaren 17an, zapatuan, izango da hori. 

Egitaraua, osorik

Apirilak 16, egubakoitza

  • 18:30 Meraki, Musikeneko soka laukotea eta Bergarako Musika Eskolako orkestra sinfonikoa, Seminarixoan. 
  • 19:00 Martxa Kalera-Konboak, Seminarixoko karpan.

Apirilak 17, zapatua

  • 09:30 Ate irekiak, Musika Eskolako Youtubeko kanaletik.
  • 17:30 Arratsalde bat operan. Puciniren Turandot operaren aurkezpena eta proiekzioa, Seminarixoan.

Apirilak 18, domeka

  • 17:30/19:00 Kaixo, Stoltz Jauna. Hor zare? ipuin musikatua, Seminarixoan.

Apirilak 19, astelehena

  • 13:55 Zure instrumentuaren bila, Musika Eskolan.
  • 16:40 Zure instrumentuaren bila, Musika Eskolan.
  • 18:30 Inprobisazio tailerra orkestrako kideentzat, Quico Pugèsen eskutik. Musika Eskolan.
  • 18:30 Piano ikasleen emanaldia, Seminarixoan.
  • 18:30 Musikoterapia hitzaldia, Maite Vicuñaren eskutik. Irizar Jauregian.

Apirilak 20, martitzena

  • 17:30 Zure instrumentuaren bila, Musika Eskolan.
  • 17:30 Piano eta gitarra ikasleen kontzertua, Seminarixoan.
  • 19:00 Txistu taldea eta flauta ikasleak, Mariaren Lagundiako Elizan.
  • 19:00 Bergarako Biolontxelo ikasle eta soka taldearen emanaldia, Seminarixoam.

Apirilak 21, eguaztena

  • 15:00-16:30 Musika elkarrekin, piano eta gitarra ikasleak, Antzuolako Olaranen.
  • 17:30 Dantza ikasleen emanaldia, Seminarixoan.
  • 18:00 Zure instrumentuaren bila, Antzuolako Olaranen.
  • 18:30 Perkusio eta trikitixa ikasleen emanaldia, Seminarixoan.
  • 19:00 Klarinete, bibolin eta biola ikasleen emanaldia, Mariaren Lagundiaren elizan.
  • 19:30 Helduen kontzertua, Musika Eskolan.

Apirilak 22, eguena

  • 18:00-19:30/19:30-21:00 Gorputza eta mugimendua, Natxo Monteroren eskutik. Zabalotegiko dantza lokalean.
  • 18:30 Musika kalera, Seminarixoko karpan.

Apirilak 23, egubakoitza

  • 14:00 Zure instrumentuaren bila, Musika Eskolan.
  • 16:45 14:00 Zure instrumentuaren bila, Musika Eskolan.
  • 17:00-18:30/18:30-20:30 Gorputza eta mugimendua, Natxo Monteroren eskutik. Zabalotegiko dantza lokalean.
  • 17:30 Musika tailerra: Baltasar sagutxoa eta pentagrama enea. Seminarixoam.
  • 19:00 Kantu ikasleen emanaldia, Seminarixoan.

Apirilak 24, zapatua

  • 11:00 Bergarako Musika Eskolako Suzuki ikasleak, Seminarixoan.
  • 12:30 Tronpa, tronpeta eta oboe ikasleen emanaldia, Seminarixoan.

Apirilak 27, martitzena

  • 19:00 Ahotsaren garrantzia haur eta gazteengan, David Azurzaren eskutik. Irizar Jauregian.

Apirilak 28, eguaztena

  • 18:00/18:45/19:15 Zure instrumentuaren bila, Musika Eskolan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak