Badira hilabete batzuk Bergarako Udala eta Bergarako kultura mahaiaren arteko lankidetza hasi zela, eta Kristina Markina kultura zinegotziak adierazi du kultura mahaiak egin duen ekarpena izugarrizkoa izan dela egitaraua burutzeko. Maitane Arizabaleta Kultura mahaiko kideak kulturaren garrantzia azpimarratu du, eta besteak beste, Bergaran kultura bizi eta emankor bat dagoela adierazi du.
Egitarau zabala eskaini dute aurtengoan, besteak beste, Dupla, Pelax eta Ibil bedi musika taldeen kontzertuak; baita antzerki emanaldiak, helduentzako Atzerrian lurra garratz Artedrama konpainiaren lana, eta umeentzako, Panta Rhei antzerki taldearen Noa Uy, uy, uy. Horretaz gain, tailerrak egongo dira, Dantza tailerra Camden Town akademiaren eskutik eta eskulan tailerra Izeder dendaren eskutik.
Bergarakoek lehentasuna izango dute izena ematerako orduan, eta tailerrentzako plazak mugatuak izango direnez, ordenaren arabera onartuko dira eskaerak.