Bergarako pentsiodunen mugimenduak omenaldi berezia egin nahi izan die emakume pentsiodunei, eta bereziki azken hiru urteetan hutsik egin gabe kalera atera diren Pilar Kamiruaga eta Kontxi Tenari. Bizkaitarra bata eta Extremaduratik etorritakoa bestea, ia bizitza osoa eman dute Bergaran lanean, Pilar Kamiruagak zaintza lanak egiten eta Kontxi Tenak Soraluze eta Mekolaldeko industria fabriketan. Biek iritzi bera partekatzen dute, "lan asko eginagatik ere pentsio duinik ez daukatela, eta belaunaldi berriei borrokan jarraitzea" tokatzen zaiela. Omenaldiagatik hunkituta egin dituzte adierazpenok.
Eskaerak, bizimodua hobetzeko
Pentsiodunen mugimenduko kideek, bestalde, "milaka emakume pentsiodunek bizi duten miseria" salatu dute, "genero-arrakala desagerrarazi nahi duen neurririk" ageri ez dela deitoratuz. Aitzitik, pandemiak desberdintasun horiek "areagotu" egin dituela uste dute, emakumeen aitortu gabeko lanaren kontura arreta lanak areagotu egin direla-eta.
Emakume pentsiodunen borroka "hamarkadetan zehar lan merkatutik kanpo utzi dituen sistema patriarkalaren aurkako borroka eta aliantzak eraikitzeko espazio" gisa definitu dute emakume pentsionistek.
Eskubide eta pentsioetan benetako berdintasuna lortzen ez den bitartean adineko emakumeek euren bizitzaren amaiera "larrituta, bakardadean, pobrezian, abandonatuta eta gizarte-bazterkerian" bizi beharko dutela argi dute, gainera.
Horregatik eskatzen dute 1080 euroko gutxieneko pentsioa, genero-arrakalaren desagerpena, zainketa lanen aitorpen sozial eta ekonomikoa, ordaindu gabeko lanari buruzko eztabaida publikoa eta alarguntza pentsioa bat etortzea kotizatzailearen ezkonkideak adin mugarik gabe kobratutakoaren ehuneko ehunarekin.
Era berean, gaur sei eta erdietan Bergarako udaletxe aurrean hasiko den elkarretaratzera deitu dute, Emakumeen Nazioarteko Egunean borroka egiteak "berebiziko garrantzia" duela azpimarratuz.