Bergarako enpresekiko "konpromisoa" berretsi du gobernuak, eta "zurrumurruak" ez zabaltzeko eskatu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mar. 4a, 17:32

Bergarako Udal Gobernuko bozeramaile Nagore Iñurrategi, aste honetako prentsaurreko baten.

Udal Gobernuak oharra kaleratu du Bergarako enpresa batzuen eta bereziki Wolfratex-en inguruan azken egunotan esan direnen harira. Sortuk, Wolfratex-ek berak eta EAJk ohar bana kaleratu dute egunotan. Udal Gobernuak nabarmendu du Bergarako enpresekiko eta bertako langileekiko duten "konpromisoa" berresten dutela, eta eragile politiko zein norbanakoei erantzukizunez jokatzeko eta "zurrumurruak" ez zabaltzeko eskatu diete.

Wolfratex enpresaren inguruan honako hau dio Udal Gobernuak: "Wolfratex enpresaren kasuari dagokionez, osasun pandemiaren hasierako hilabeteetan, babeserako maskaren produkzioa martxan jartzeko aukera izan zuen, behar handiena geneukan momentuan eta apustu ausarta egin zuen. Enpresa martxan jarri eta egokitzeko egin behar zituen moldaketak egiteko, Udalak, berari zegozkion lanak bideratu zituen, ulertzen dugulako hala dagokiola. Bergaran dauden enpresek lanpostuak sor ditzaten eta hauek manten daitezen laguntzea dagokio Udalari, zer esanik ez momentu berezi hartan".

Horrekin batera, diote Udal Gobernutik, bertako enpresetan kontsumitzea da lehentasuna: "Adibidez, udal langileek erabil ditzaten, Wolfratex-en ekoizten diren maskarak erosten ditu".

"Erantzukizunez" jokatzeko eskaera norbanako eta eragileei

Udal Gobernuak aditzera ematen duenez, azken asteetan izandako kaleratzeen aurrean hainbat eragile politikok eta enpresak berak egindako adierazpenek hautsak harrotu dituzte: "Egoera horren aurrean dei egiten diegu eragile eta norbanakoei erantzukizunez jokatu eta zurrumurruak ez zabaltzeko. Harreman jarraitua du Gobernuak Bergarako enpresekin, are gehiago COVID-19ak eragindako egoera zail honetan. Izan ere, osasun ona duen ehun enpresariala izatea beharrezkoa da herria bizirik egon dadin eta bergararren bizi baldintzak duinak izan daitezen. Herrian dauden lanpostuei eustea eta berriak sortzea behar beharrezkoa da-eta".

Amaitzeko, adierazi dute Bergarako enpresa eta langileekiko konpromisoa berresten dutela eta ildo horretan lanean jarraituko dutela: "Enpresare eta FEX bezalako foroetan parte hartzen jarraituko dugu, udal jarduna eta baliabideak herriko sustapen ekonomikoa indartzera bideratuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak