Pandemia eta tragedia, amodiozko gutun askoren abiapuntua

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko ots. 12a, 11:00

Jarduneko Maitane Arizabaleta eta Karmele Uribesalgo iazko sariketako irabazle eta aurtengo epai-mahaikidea iazko sari banaketan. Argazkia: Jarduna

Asteon izan beharko luke Jardun euskara elkartearen Amodiozko Gutunen eta Esaldien Lehiaketaren sari-banaketa ekitaldiak; ez dute egingo, baina banatu dituzte bost sariak.

Pozik daude Jardun euskara elkartekoak Amodiozko Gutunen eta Esaldien Lehiaketak izan duen harrerarekin; 66 gutun eta 42 esaldi jaso dituzte. "Faltan igarri ditugu Arabakoak eta Iparraldekoak. Aurten, lehenekoz, 40 urtetik gorako parte hartzaileen artean gizonezkoak dira nagusi; lehiakideen batez besteko adina 35 urte da", dio Jarduneko Maitane Arizabaletak.

Iazko irabazle nagusi Karmele Uribesalgo bergararrak jardun du helduen epaimahaikide, Josu Ozaita antropologoarekin, Beñat Gaztelumendi bertsolariarekin eta Oihane Vicente abeslari eta dantzariarekin. Uribesalgoren esanetan, orokorrean, oso gustura irakurri dituzte gutun guztiak: "Maila ona dago, eta zazpi lan zeuden puntu bat gorago. Gaiak oso originalak dira; badira bikote harremanei buruzkoak, baina ez dira gehienak. Orokorrean, iazkoekin alderatuz, pandemia presente dago askotan, eta tragediarako joera ere badagoela komentatu dugu gure artean; gertakari gogor asko, baina badira umoretik jotzen duten beste gutun batzuk ere".

Bigarren saria, bitan banatuta

Sari nagusia Maialen Akizuri emateko orduan guztiak ados zeudela dio Uribesalgok: "Nabarmen gailendu zen gutun hori; idazteko eta kontatzeko modu berezia du, eta oso entretenigarria da".

Bigarren sarirako, berriz, bi hautagai zituzten, eta, azkenean, bien artean banatzea erabaki zuten: "Oso ezberdinak dira. Iñigo Legorbururena gutun tradizionalagoa da, pilotarekin lotura dauka, eta oso hitz-joko politak egiten ditu. Galder Guenagarena, berriz, estilo aldetik oso ezberdina da: oso ondo idatzita dago, gertuko idazteko modua du", azaldu du epaimahai-kideak, eta honela kontatu du Guenagak: " Maitasun harreman konbentzional bat da; mutil batek neska bati idatzitakoa, baina ez da oso esplizitua. Gutunaren muina poema bat da. Pandemia garaian kokatuta dago, eta horrek osatzen du testuingurua. Oso gustuko dut lehiaketa, asko gustatzen zait formatua. Ni neu aurkezteko arrazoia hirugarren baten iritzi objektiboa eta baliagarria jasotzea izan da, eta saria, oso pozgarria!".

Beste biak, Bergaran

Aranzadi ikastolako Garazi Bizentek eta Nayla Perezek eta Ipintza institutuko Unai Zabalak, Goizeder Elkoroberezibarrek eta Irati Callesek osatu dute gazte epaimahaia, eta Ainhoa Pardina bergararrari eman diote Gazteen saria Helduen epaimahaiak Bergarako saria iaz sari bera eskuratu zuen Izar Odriozolari ematea ebatsi du. "Gutun gordina da, tragikoa, baina bukaeran buelta ematen dio". Psikiatrikoan bere buruaz beste egiten saiatu den alabak amari barkamen eske idazten dion gutuna dela azaldu du egileak: "Euren harremana urte luzez apurtuta dago eta alabak egoera hori aldatu gura du. Arratsalde baten eta inprobisatuz idatzi nuen. Hirugarren aldiz aurkeztu naiz eta hirugarren saria lortu dut. Asko gustatzen zait lehiaketaren formatua, eta, gainera, amodiozko gutunak ulertzeko abanikoa zabaltzen du, gero eta igorle eta hartzaile bitxiagoak agertzen dira eta. Saria bazkari goxo baten xahutuko dut, nire herrian, noski!".

'Jardun.eus' atarian entzungai

Irizar jauregian urtero egiten duten sari-banaketa ekitaldirik ez da izango, eta Jardun.eus atarian –Goiena.eus-en ere bai– izango dira gutun irabazle guztiak irakurgai eta egileek grabatuta entzungai. Ekitaldi "estimatua" izaten da, eta antolatzaileak eta parte hartzaileak "penaz" dira ez delako egingo.

Esaldi onena, Galder Guenaga Garaik

Urtero legez, epaimahaikide gazteek aukeratu dute esaldi irabazlea. Urtez urte jasotako lanen kopurua gora doa, eta aurten 42 esaldi heldu zaizkie. "Esaldi poetikoa" Parte hartzaile askok esaldi bat baino gehiago bidaltzeko ohitura dute, eta hala egin du irabazleak, Algortan bizi den Galder Guenaga eibartarrak. Zazpi esaldi bidali zituen sariketara –bost luzeak, poema itxurakoak, eta bi, esaldi laburrak–. "Jolas moduko bat da niretzako esaldiak asmatzea. Oso gustuko ditut hitz-jokoak, eta errimekin jolastea, eta, horregatik, sariketa jolas polita da niretzako".

"Esaldi poetikoa"

Parte hartzaile askok esaldi bat baino gehiago bidaltzeko ohitura dute, eta hala egin du irabazleak, Algortan bizi den Galder Guenaga eibartarrak. Zazpi esaldi bidali zituen sariketara –bost luzeak, poema itxurakoak, eta bi, esaldi laburrak–. "Jolas moduko bat da niretzako esaldiak asmatzea. Oso gustuko ditut hitz-jokoak, eta erri-mekin jolastea, eta, horregatik, sariketa jolas polita da niretzako".

Larru-ikara, zu ukitu orduko, sutan dauzkat oro gorputz atalak, zu zara eragile eta lekuko, hau ezin du neurtu Richter eskalak. Hori izan da esaldirik onena. "Poesia oso gustuko dudanez, poema txiki batzuk idaztea pentsatu nuen esaldi solteak bakarrik beharrean; oso pozik nago epaileei ere gustatu zaielako".

EHUko Ekonomia eta Enpresa irakaslea da Guenaga, eta oso gustuko du idaztea. "Formatu laburreko lehiaketak ditut gustuko. Jardunena asko gustatzen zait eta Leioako Amodiozko Gutunen Sariketara ere aurkeztu izan naiz".

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak