Zorionak! Pozik?
Poz-pozik! Sorpresa izaten da beti sariak jasotzea, bai.
Zer kontatu nahi izan duzu sari nagusia irabazi duen gutunean?
Bakarrizketa bat da, haserre momentu batean idatzitako hustuketa. Ez nuke esango inori zuzendua dagoenik, baina idazleari idazteak balio dio beste pertsonak eta gertatutakoak kokatzeko.
Zelan izan zen idazketa prozesua?
Oraingo hau nahiko beroan egin nuen, horixe baitzen helburua, hein batean, maitasuna beroaldiarekin lotzea, baina beroaldi biolentoarekin ere bai. Harremanetan, eta maitasun harremanetan ere, marmarra, amorrua, gorrotoa presente daude, eta uste dut, askotan, bereizitako eremu gisa azaltzen zaizkigula.
Zer egin zaizu zailena eta zer gustukoena?
Tonua harrapatzea izan da zailena eta gustukoena ere bai. Bergarako sariketan parte hartzen duzun lehen aldia? Bai. Sari banaketa kuriosoa egin zait beti, irabazleetako batzuk ezagutu ditut eta amodiozko gutunen ez-garai honetan ariketa polita izan da.
Baduzu, orokorrean, idazlan sariketatara aurkezteko ohiturarik?
Gazteago nintzela, bai, sariketak izaten ziren idazteko akuilu. Aspaldian aurkeztu gabe nengoen eta Jardunen sariketak neurri eta gai kuriosoak ditu horretarako ere.
Arloko beste hainbat aditurekin batera, zu zeu ere epaimahaikide izango zara datorren urtean; erroka handia zuretzako?
Epaimahaikide gustura izango naiz! Sariketa honek urte batzuk badaramatza, eta urtero ikusten da amodioaz oraindik badagoela zer esana, nola eta nondik kontatua.
Aurten, egoerak behartuta, sari-banaketa ekitaldirik ez da egingo. Pena duzu?
Egia esan, bai, pena da, baina ezin egin; hortaz...
Hala ere, merezitako saria jasoko duzu; erabakita duzu zertan gastatuko duzun irabazitako dirutxoa?
Gure etxeko lanpasak hala dio: hemen dena ospatzen da. Sari hau ere ospatuko dugu.