Ainhoa Pardina (Gazte sariaren irabazlea): "Giza eskubideek hausnartzen ez duten pertsonei idatzitakoa da"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko ots. 12a, 11:00

Oso gustuko du Amodiozko Gutunen Lehiaketa, eta urtero hartzen du parte; Gazteen saria eskuratu du aurten, Bergarako saria birritan irabazi ondoren. Hemen Ainhoa Pardinaren gutuna egileak irakurrita.

Zorionak! Espero zenuen?

Egia esan, ez. Aspaldi idatzitako gutunak dira, 2014koak, eta ez dut berdin idazten; sorpresa izan da saria, bai.

Zerk animatu zaitu orain bidaltzera?

Denboraz oso justu nabil, eta aurrez egindako batzuk bidali ditut. Bidali aurretik irakurri nituenean harritu egin nintzen, ez nituen gaizki ikusi; epaileei gustatu egin zaie emaitza.

Zer kontatu duzu eta noren azalean sartuta?

Giza eskubideek askorik hausnartzen ez duten pertsonei idatzitakoa da. Oinarrian, giza eskubideak dira gai eta protagonista, baina beste gai batzuk ere sartu ditut; adibidez: dispertsioa, matxismoa, tratu txarrak, desjabetzeak...

Gogoratzen duzu nola izan zen idazte-prozesua?

Argi nuen ez nuela ohiko maitasun harreman bati buruz idatziko, originalagoa egin nahi nuen. Eta, antza denez, oso inspiratuta nengoen; izan ere, arrapaladan atera zitzaizkidan gutunak bata bestearen ostean, hamabost bat inguru. Batzuk aukeratu eta bidali egin nituen; ez nuen saririk jaso, eta orain etorri da oparia

Dagoeneko hirugarren saria duzu Jardunen lehiaketan, eta herriko Koldo Eleizalden ere hainbat irabazi dituzu.

Bietara saiatzen naiz urtero lanak bidaltzen. Koldo Eleizalden sariketarako denetarikoak idatzi ditut: ipuina, bertsoa eta poesia; guztira, lau sari jaso ditut.

Ze garrantzi ematen diezu idazketa lehiaketei?

Euskaraz egindako edozein gauza, lehiaketa... oso onak dira euskararendako; hortaz, oso garrantzitsuak direla uste dut, jendea idaztera bultzatzen dutelako. Niretzako ere akuilu dira, askotan; oso gustuko dut idaztea, baina denbora faltagatik, nahiz eta askotan aitzakiatik ere baduen hori esateak, lehiaketa batek idaztera bultzatzen nau. Hau, gainera, motza da, aitzakia ona idazteko.

Lanbidez ere euskara kontuetan jarduten duzu.

Soziolinguistikan aritzen naiz, gehienbat. Aisialdi orduetan ere euskararen alde lan egiten saiatzen naiz, urte batzuk daramatzat Jardun euskara elkarteko zuzendaritza taldean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak