Ostalaritzari laguntzak zehaztea eskatu du EAJk

Xabi Urzelai 2021ko ots. 4a, 13:20

Bergarako jeltzaleek "diru-laguntza zuzenak" eskatu dituzte herriko ostalariendako, baita herrian erabiltzeko bonuak ateratzea eta terrazak egokitzeko diru-laguntzak eta aholkularitza teknikoa bideratzea ere. "Harrituta" daude EH Bilduren jarrerarekin.

Herriko ostalariei babesa adierazi eta euren aldeko eskaerak egin dizkio EAJk Udalari, baina lehenago, Elena Letek salatu du oraindik Herritartasun Batzordera joateko aukerarik ez dutenez halako proposamenak prentsa bidez egin behar dituztela. Behin hori esan eta pandemiaren eraginez senitartekoak galdu edo gaixo daudenei atxikimendua erakutsi ondoren EAJk ostalaritza babesteko dituen proposamenak azaldu zituen atzoko prentsaurrekoan.

EH Bildurekin "harrituta"

Letek argitu du Bergarako EAJ "harrituta" dagoela EH Bilduren jarrerarekin. "Uste dugu berriro ere berandu dabiltzala". Izan ere, adierazi du maiatzean Gobernuari egin zioten lehen proposamenen artean ostalaritzari bideratutako diru laguntzak zehaztu zituztela. Guztira 400.000 euro bideratzea proposatu zuten, aktibitatea itxita egon zen bitartean izan zituzten galerei aurre egiteko. Abenduan, berriz, "Bergarako Udalak bideratutako diru laguntza urria ikusita" 2021eko aurrekontuetan partida zehatz bat bideratzeko emendakina proposatu zuten jeltzaleek, 200.000 eurotakoa. "Eta ez lehenengoan, eta ezta bigarrenean ere EH Bilduk ez ditu gure proposamenak onartu eta, harrigarriena dena, ez dute ezer proposatu ostalariei begira. Benetan onartezina da", adierazi du aste barruan Letek.

UDAL GOBERNUARI ESKATU DIOTE JARRERA ALDATZEKO, ETA PROPOSAMENAK AINTZAT HARTZEKO

Proposamen zehatzen eskaera

Horren aurrean EAJk berehalako neurriak eskatu dizkio Udal Gobernuari, eta zenbait proposamen egin ditu Letek. Batetik, diru-laguntza zuzenak ematea ostalariei: Gehienez 3.000 euro ematea establezimendu bakoitzari, eta kontzeptu desberdinetan laguntzea egoera desberdinak daudelako: 300euro fijo moduan, 600 euro autonomo bakoitzagatik eta alokairuan laguntzeko 300 euroko laguntza. Horrez gain, zaborraren tasaren eta terrazen okupazioagatiko tasetatik salbuetsita jarraitzea, urte osoa, proposatzen dute jeltzaleek eta era errezago batean egiteko kopuru horiek ere laguntzaren barruan geratzea proposatzen dute.

50.000 euro bonotan

Horrekin batera, lehenago ere herriko komertzioak sustatzeko egin zuten moduan, EAJren beste proposamen bat da 50.000 euro bideratzea herriko taberna eta jatetxeetan kontsumoa bultzatzeko bonuak ateratzeko: "Herrian gastatzeko bonuak izango lirateke, eta lehenago ere emaitza ona eman zuten".

Eta azkenik, terrazak egokitzeko inbertsioetan laguntzeko diru-laguntza lerro bat ezartzea eskatu du Letek: "Bistan dago barruko esparruak oso mugatuta egongo direla, eta ezinbestekoa izango da kanpoan aktibitatea mantentzea eta sustatzea. Horretarako sistema ezberdinak daude, toldoak, karpak... Baina ostalariek inbertsioak egin beharko dituzte. Foru Aldundiak baditu horretarako diru-laguntzak, baina Udalak ere diruz laguntzea proposatzen dugu guk, eta ez ekonomikoki bakarrik, baita estalpe horiek egoki jartzeko behar den aholkularitza teknikoa bermatzea ere". Hala, aurrekontuan 150.000 eurotako partida bat bideratzea proposatzen dute horretarako.

Irala kaleko terraza batean jendea zerbait hartzen.

Amaitzeko, jeltzaleek gogor salatu dute EH Bilduren jarrera inaktiboa. "Terrazetan karpak eta estalpeak instalatzeko ordenantzaren aldaketa egitea beharrezkoa da, bailarako beste herri batzuetan dagoeneko onartu dituzte ordenantzen aldaketak eta instalazioak egiten ari dira, eta Bergaran, ordea, ordenantzaren lanketarekin hasi ere ez gara egin. EAJk argi utzi nahi du lanerako prest dagoela, baina horretako Gobernuak jarrera aldatu behar du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak