Boluko mendi-hegala: buruhauste-iturri, lau urte geroago ere

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urt. 14a, 17:46

Zapatuan, urtarrilak 16, beteko dira lau urte Boluan lur-jausi handia gertatu zenetik, eta ordutik Boluko magalari jarraipena egin beharrean dago Udala; azken albistea da hilabetez itxita egongo dela bidegorria, segurtasuna bermatzea helburu hiru puntutan egonkortze-lanak egin behar direlako.

2017ko urtarrilaren 16an Bolu kaleko eraikinen atzeko mendihegalean izan zen lur-jausiak albiste izaten jarraitzen du. Mendi-hegal hori buruhauste iturri da, lau urte geroago ere. Ezbeharra gertatu zenean, emergentzia egoera betean, etxea utzi behar izan zuten bizilagunak euren etxeetara bueltatzeko hainbat lan egin ziren urgentziazko izaeraz. Ingek SLP enpresak gunearen azterketa geologikoa eta geoteknikoa egin zuen, edozein interbentzioren aurrean izan zitezkeen arriskuak neurtzeko.

Gero, 2018ko martxoan, Udalak Ingek eta Sestra enpresei mendi-hegala egonkortzeko proiektuaren idazketa esleitu zien, eta 2019ko otsailean aurkeztu zuen EAJren Udal Gobernuak magala egonkortzeko 612.315 euroko inbertsioa – hiru fasetan gauzatzeko– ekarri zuen obra; proiektu hartatik bideratu ziren gaur egun jarrita dauden bi sare metalikoak.

Udalak guneari jarraipena "maiztasun handiz" egiten dionez, 2020ko azaroaren 8tik 12ra bitartean bidegorriari erantsitako ezpondetatik datozen bloke eta legar ugari daudela ikusi zen. Hilabete hasierako prezipitazio ugariek eraginda gertatutakoak direla ondorioztatu, eta lan batzuk egitea erabaki zuen Udalak.

Harkaitza lotu, eta ondoren sarea

Urtarrilaren 11n hasi ziren lanak bidegorrian. Hiru puntutan blokeak erortzeko arriskua murrizteko lanak dira, eta, lanon ondorioz, bidegorria itxita egongo da hilabetez; egunotan, ezponda garbitzeko lanetan ari dira. Oinezko askok erabiltzen duten bidegorri horretan segurtasuna bermatzeko ezponda sistema dinamikoak erabiliko dira. Pika, buloi eta torlojuz josi egingo da harkaitza, eta, ondoren, solte gelditu litezkeen elementuei eusteko sarea jarriko dute.

Lan berrietarako 45.000 bat euro

Azken egunotako elurteen eta euriteen ondorioz beste gune baten "erorketa txiki bat" izan dela ere jakinarazi du Udalak: "Teknikari adituek gunea aztertuko dute, lanen bat egin behar den jakiteko. Ezpondan zehar hainbat harkaitz txiki daude, oinezkoen segurtasuna baldintzatzen ez dutenak. Informazioa azalduz karteltxo batzuk josiko dira horman".

Obren exekuzioa Geotunel SL enpresari esleitu dio Udalak, 43.724 eurotan, BEZa barne. Bestetik, lanen zuzendaritza Ingek SLP enpresaren ardura da – 2.783 eurotan esleitu zaio, BEZa barne–. Eta, azkenik, BSP Servicios de Consultoria Tecnica SL enpresa izango da eremuko segurtasun eta osasun lanen koordinaziorako ardura izango duena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak