Gehienezko 30 kilometro orduko abiadura ezartzen lehen herria da Bergara

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urt. 13a, 18:41

DGT-k agintzen duenez, 2021eko ekainerako udalerri guztiek ezarri beharko dute neurria, eta Bergara izan da urte berriarekin batera aplikatzea erabaki duen Debagoieneko lehen herria; segurtasuna handitzea da lehen helburua, eta gutxiago kutsatzea ere lortuko da. GOIENAko kameren aurreran erantzutera animatu diren bergararrek begi onez ikusten dute neurria.

Bergara izan da Debagoieneko lehen udalerria ibilgailuendako 30 kilometro orduko gehienezko abiadura ezarri duena. Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak –DGT– bide-segurtasuna handitzeko egin duen moldaketa da eta herri guztiek ezarri beharko dute 2021eko ekainerako.

Hain zuzen ere, DGTk hainbat ikerketen emaitzetan oinarritzen du neurria, bide-segurtasuna handitzen duela diotenak; besteak beste, larriki zaurituen kopurua %3 murriztuko litzateke eta heriotza kopurua, berriz, %4.

Helburu nagusia, segurtasuna

Moldaketen artean dago errei bakarra eta zirkulazioaren noranzko bakarra duten kaleetan, abiadura muga 50 kilometro orduko izatetik 30 kilometro orduko izatera pasatzea. Bergarako kasuan, herrigune osoan joan beharko dira ibilgailuak, gehienez, 30 kilometro orduko abiaduran. "Arrazoi ezberdinak daude neurria aplikatzeko. Batetik, zarata-mapak jasota zuen herri barruan abiadura murrizteko neurriak behar zirela baina, batez ere, Espainiako Gobernuak ekainera arteko epea zehazten du 30 kilometro ordukoko gehienezko muga ezartzeko neurria eta lehenbailehen ezartzea erabaki dugu. Izan ere, herritarrei kale seguruagoak, kutsadura-maila txikikoagoak eta atseginagoak bideratzeko aukera ematen du neurriak", dio Gorka Artola alkateak.

Gorka Artola: "Herritarrei kale seguruagoak, kutsadura-maila txikikoagoak eta atseginagoak bideratzeko aukera ematen du neurriak"

"Esfortzu bat" askorentzat

Herrian badira guneak orain arte gidariek 30 kilometro orduko baino azkarrago joateko ohitura dutenak; herriko periferian, esaterako, Labegaraietako Zabala jatetxea zena dagoen zuzenean abiadura askoz handiagoak hartzen dira. Halako adibide zehatzen aurrean, Udalak badu aurreikusita beste neurriren bat hartzea.

Hala ere, alkateak uste du Bergarako gidari askori ohitura aldaketa bat suposatu diela neurri berriak: "Uste dut gidariok esfortzu bat egin beharko dugula, leku batzuetan abiadura handiagoak hartu izan direlako. Bestetik, kaleko gainerako erabiltzaileendako –oinezkoek, bizikletek, patineteek...– eremu seguruago bihurtuko dugu herrigunea; ahalegin bat egin behar dugu elkar ondo moldatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak