Zubietako eskola zaharra: txosten teknikoaren zain dago Udal Gobernua

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urt. 8a, 13:21

Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak Zubietako eskola zaharra okupatu zuen abenduaren 26an, eta, akordiorako "prestutasun osoa" izan arren, han jarraitzeko asmoa dutela diote; Bergarako Udal Gobernua batu da haiekin eta bizilagunekin, eta txosten juridikoaren eta teknikoaren zain dago, "hurrengo urratsa" emateko.

Abenduaren 26an sartu zen Deba Bailarako Kontseilu Sozialista deritzon kolektiboa Zubietako eskola zaharrean. 2020ko abendu amaieran eskualdez eskualde aurkezten joan dira era horretako kontseiluak Euskal Herrian; Iruñerrikoa izan zen lehena. Deba bailarako kontseiluko kideek azaldu dute ze helburu politiko duen "belaunaldi ezberdinen arteko" ekimenak: "Burgesiaren instituzioen aurrean, proletalgoaren interesen alde jardungo duten instituzioak eraikitzea izango da gure apustu politikoa".

Interes handia piztu duen lekua

Jardun izan zen modu arautuan eskola zaharra erabili zuen azken elkartea, eta, ordutik beste eragileren batek erabili izan badu ere, hiru urte pasa daroatza eskola zaharrak hutsik eta itxita. Baina horrek ez du esan nahi Udalak ez duenik gune horri erabilera bat emateko interesik. Gaur egungo Udal Gobernuak 2021 bukaeran hastekoak diren Zubieta kalea berriro urbanizatzeko proiektuaren barruan "aukera errealen artean" dauka eskola zaharrari beste erabilera bat ematea: "Betiere, bizilagunekin adostuta". Bestalde, EAJk ere 2019ko udal hauteskundeen kanpainan iragarri zuen Zubietako eskola zaharreko eremua birkalifikatzeko eta etxebizitza berriak eraikitzeko asmoa zuela.

"Ate irekiak" eginda, lau hitzaldi

Helburu nagusi baterako hartu dute eskola: "Hausnarketa eta eztabaida politikoen gune, eskaintza kulturalen plaza eta lan politiko eta sindikala gauzatzeko espazio bilakatu nahi dugu". Herrian beste eraikinik erabiltzeko aukerarik baduten galdetuta, kartzela zaharrean batu izan direla diote, baina mugimendua kuantitatiboki eta kualitatiboki hazten joan den heinean behar berriak sortu zaielako sartu direla eskola zaharrera.

Eta, GOIENAri adierazi diotenez, Udalarekin akordioa egiteko "prestutasun osoa" dute, baina akordiorik ez balego ere bertan jarraituko lukete, salaketaren bat jaso arte. Martitzenean eskolako ateak ireki zituzten, bizilagunei ere euren proiektuaren berri emateko, eta beste lau hitzaldi ere antolatu dituzte, besteak beste.

Udalarekin akordioa egiteko "prestutasun osoa" dute, baina akordiorik ez balego ere bertan jarraituko lukete, salaketaren bat jaso arte.

Gobernua, txostenaren zain

Udal Gobernuak, auzotarrekin eta Kontseilu Sozialistako kideekin batzartu ostean, azaldu du ekintzak auzoan "harridura eta jakin-mina" piztu dituela: "Eragile sozialek proiektu berriak sortzeko gogoa izatea eta horiek martxan jartzeko determinazioa izatea ona da, baina proiektuak garatzeko eragileek behar dituzten espazio publikoen erabileraren inguruan ohiko prozedurak jarraitzea beharrezkoa da".

Bestalde, gogorarazi dute Zubietako eskola erabiltzeko eskaerak jaso dituztela aurretik, baina eraikinak ez dituela segurtasun eta irisgarritasun baldintzak betetzen, eta horregatik egon dela hutsik orain arte: "Orain, txosten juridikoa eta arkitektoaren txostena jasotzeko zain gaude, eta horiek jasotzen ditugunean erabakiko dugu ze pauso eman".

Udal Gobernua: "Orain, txosten juridikoa eta arkitektoaren txostena jasotzeko zain gaude, eta horiek jasotzen ditugunean erabakiko dugu ze pauso eman".

Labegaraietako adibidea

Udal Gobernuko bozeramaile Nagore Iñurrategik gogorarazi du Labegaraietako kiroldegia berritzean auzotarrek gune berri bat izango dutela: "Zubietako eskola zaharrak hainbat eskaera jaso ditu; tartean, bizilagunenak ere bai. Beste batzuetan egin izan da inbertsio handi bat egiterakoan auzotarrei gune bat eskaintzea, Labegaraietan egin den moduan. Zubieta berriro urbanizatzen denerako aukera hori badago".

Arazoak arazo, "argi" dute bidea elkarrizketa dela: "Udal eraikinak Udalak kudeatzen ditu, baina bergarar guztionak dira, eta horien kudeaketa herritarrekiko eta udal ondasunekiko errespetuz egin nahi dugu. Argi dugu, baina, egoera hauek kudeatzeko modua elkarrizketa dela".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak